Containerships Borealis kontainer-ontzia, Containerships ontzi-konpainiako ontzirik berrienetariko eta handienetako bat, Bilboko Portuan atrakatzen duen GNL gas natural likidotuak bultzatutako lehen ontzia da. Aurtengo martxoan inauguratu den ontzi honek 170 metroko luzera, 27 metroko zabalera, 9,6 metroko sakonera eta 1.380 edukiontzirentzako edukiera ditu. Ontzia CSP Iberian Bilbao Terminalek kudeatzen duen edukiontzi-terminalean porturatu da Rotterdametik eta Dunkerketik etorrita, eta asteartean abiatuko da Tilbury eta Rotterdamera.
Containerships edukiontzien itsas garraioko GNLak bultzatutako ontziak martxan jartzen dituen Europako lehen konpainia da, CMA CGM taldearen jasangarritasun-estrategiaren barruan. Gaur egun, GNLak bultzatuta daude bere flotako sei ontzi. Bilboko Portutik astean zazpi irteera egiten dira, zuzenean eta duela zenbait hamarkadetatik hona, Bilbo Erresuma Batuarekin, Irlandarekin, Suediarekin, Poloniarekin, Norvegiarekin, Errusiarekin eta Europako beste leku batzuekin lotzeko. Containerships-ek atez ateko zerbitzua eta 20’, 40’ eta 45’-ko edukiontziak eskaintzen ditu.
CMA CGM taldearen barruan, Containerships aspalditik ari da lanean garraio intermodalaren jasangarritasunean. Horretarako, eta modu aitzindarian, fuel-oliotik GNLrako trantsizio energetikoa sustatzen duten produktu-sorta eskaintzen du, itsas garraiorako erregai gisa. Containerships CMA CGM-ek ikatz-aztarna murrizteko eskaintzen dituen lau produktuak hauek dira: Cleaner Energy LNG, Cleaner Energy Biofuel, Cleaner Energy Biomethane eta Positive offset. Ontziratze bakoitzerako eskaintzen dira, eta hirugarren independente batek ziurtatzen ditu; beraz, produktua kontratatzen duen enpresak bateratu egin dezake bere iraunkortasun- eta kalitate-politikekin.
CLEANER ENERGY LNG delakoari esker, bezeroek bere bidaia-zatiko itsas garraioa GNL erabiliz egin dezakete, edo, egiten duten ibilbidean GNL ontzirik ez badago, GNL kredituak erosita konpentsa ditzakete beren emisioak, eta konpentsatutako jaulkipenen ziurtagiri ofiziala jasotzen dute. GNL teknologia erabiltzen bada, nabarmen murrizten dira emisio kaltegarriak: sufre-emisioen % 99 (SOx), nitrogeno oxidoaren emisioen % 92 (NOx) eta partikula esekien % 91 (PM10). CO2-aren emisioak % 15 murriztu daitezke erregaiaren ekoizpen- eta erabilera-zikloan, eta % 23 tankerako tanga-zikloan.
Jasangarritasuna aspalditik bihurtu da garraio intermodalaren eskaintza guztiaren helburua, hau da, ontziak eraikitzea eta GNLak bultzatutako kamioiak erostea, produktu iraunkorren eskaintzarekin apustu argia eta irmoa.
Energia-trantsiziorako proiektuak
Bilboko Portuak energia-trantsizioa hobetzeko eta metodo berriztagarriak sartzeko beste proiektu batzuk ere baditu. Alde batetik, 2005az geroztik, bost Gamesa aerosorgailuk osatutako parke eolikoa du, Sare Orokorra hornitzeko 17.500 MWh/urte sortzen dituztenak. Energías Renovables el Abra enpresak kudeatzen du.
Bestalde, Remolcadores Ibaizabal, Astilleros Murueta, Estatuko Portuak, Enagas eta, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Bilboko Portuko Agintaritzak Mediterraneoko eta Atlantikoko Europako korridoreak deskarbonizatzen lagundu nahi duen CORE LNGas Hive proiektuaren Connecting Europe Facility (CEF), Call 2014 F02, deialdian parte hartu du.

Testuinguru horretan, Euskadi Europako Batzordearen funtsak jaso dituzten GNL itsas eremuan ezartzeko hiru proiekturen buru izan da. Proiektu horiei esker, garapen teknologiko eta espezializazio maila handia lortu da, eta arlo horretako munduko lehen lerroan kokatu gara. Honako hauek izan dira:
- Bahía de Bizkaia Gas birgasifikatzailearen pantalana egokitzea 2018an, tamaina txikiko ontziek instalazio horietatik gas likidotua kargatu ahal izan dezaten.
- Itsasontziak itsasontziz hornitzeko gai den GNL ontzi hornitzaile bat martxan jartzea, 2018an ere, bai portuan bai kanpoan.
- 2020an gas naturalak bultzatutako atoiontzia eraiki eta martxan jartzea, Espainiako lehena, Grupo Ibaizabal buru duela.
Bestalde, trantsizio energetikorako plan bat garatzen ari da, 2050ean Bilboko portuko jarduera deskarbonizatzeko. Plan horretan, besteak beste, Bio GNLa kaian hornitzea aztertzen ari da; beste alde batetik, ontziei LNG erregaia biltegiratzeko eta hornitzeko sistema bat ezartzea sustatzen du. Horrez gain, Repsol/Petronorrek 2023rako cold ironing instalazioa eta beste proiektu giltzarri eta estrategiko batzuei esker, 2024an deskarbonizazio-hub bihurtuko da.
Proiektu horietako bat energia berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdearekin erregai sintetikoak ekoizteko munduko instalazio handienetako bat eraikitzea da. Erregai horien ezaugarri nagusienetarikoa da urarekin eta co2-arekin sortzen direla lehengai gisa, eta autoak, kamioiak edo hegazkinak erretzeko motorretan eta beste aplikazio batzuetan erabil daitezkeela. Instalazio horri esker, Bilboko Portua funtsezko pieza izango da Hidrogenoaren Euskal Korridorean.
Ondoren, proiektu horren osagarri, hiri-hondakinetatik (papera, kartoia, plastikoa eta ehunak) gasa sortzeko instalazio bat jarriko da, erregai tradizionalak erabiltzea saihestuko duena eta ekonomia zirkularra sustatuko duena. Hasieran, pirolisi-instalazio horrek urtean 10.000 tona hiri-hondakin inguru prozesatu ahal izango ditu, eta kopuru hori 100.000 tonakoa izan daiteke hurrengo faseetan. Gas hori erregai gisa erabiliko da findegian bertan.
Horri guztiari gehitu behar zaio zerbitzu intermodalak eta itsasokoak bultzatzen direla, eta horrek, era berean, deskarbonizazioa eragiten duela.