Asteazken honetan, martxoaren 28an, Bilboko portuak Ventura jasoko du, denboraldi honetako gurutzaontzirik handiena eta aurten Euskadira iritsiko den lehena. 289 metro luze da, eta 3.600 bidaiari eraman ditzake 1.200 laguneko eskifaiaz gainera. Itsasontziaren jabea P&O da, Carnival taldekoa, hau da, munduko gurutzaontzi-talde nagusikoa.
Ventura gurutzaontzia 2008ko apirilean itsasoratu zen, eta urte horretan bertan, maiatzean, bisitatu zuen lehen aldiz Bilboko portua. Oraingoan, Ingalaterrako Southamptongo portutik abiatu da igandean, eta asteazkenean 08:00ak aldera iritsiko da Bilbora, A Coruñatik. Egun berean abiatuko da, 17:30ean, Arroxelarantz, eta, Le Havren porturatu ondoren,Southamptonera itzuliko da,
zazpi eguneko bidaiari amaia emateko.
Itsasontziak 800 kamarote (206 suite) ditu, eta hamabi igogailu, bederatzi taberna, kasinoa, tenis-jokalekua, bost igerileku, lau jacuzzi, zirko-pista bat, spa bat eta bi erakustareto, hamalau bizkarretan banatuak.
Aurtengo aurreikuspenek adierazten dute berriro ere onduko dela Bilboko portuan gurutzaontzien zirkulazioaren errekorra, zeren espero baita gutxi gorabehera 86.000 bidaiari iritsiko direla 56ren bat guratzaontzitan.
2012an, hiru konpainiak Bilboko portua erabiliko dute berriro ere bidaiariak ontziratzeko eta lehorreratzeko. Hain zuzen, MSC Cruceros-ek MSC Ópera ontziarentzat erabiliko du (zortzi geldialdi); Iberocruceros-ek, Grand Mistral ontziarentzat (bi geldialdi); eta Pullmantur-ek Empress ontziarentzat (bi geldialdi).
Era berean, aurten, lehen aldiz, Royal Caribbean konpainiaren mendeko Celebrity Cruises ontzi-enpresaren M/V Celebrity Constellation gurutzaontzia porturatuko da Bilbon. “Wine Inmersión” izeneko gurutzaldia egingo du gurutzaontzi horrek, eta zortzi aldiz izango da Bilboko portuan; aldi bakoitzean, egun eta erdi egingo ditu han, eta gau bat igaroko du terminalean bertan.