22 hilabeteren ondoren, aste honetan amaitu dira Deustuko Kanalaren Ezkerraldeko betelan-lanak. Horri esker, portuko jabari publikoan 50.000 m2 inguruko azalera sortu ahal izan da, Zorrotzaurre uhartearen hirigintza-garapenerako erabiliko direnak.
Erakundeen arteko hitzarmen berritzaile baten ondorioz Bilboko Portuko Agintaritzak esleitutako lan horiek gauzatzeko hormigoi armatuzko 750 panel baino gehiago eraiki behar izan dira, Deustuko Kanaletik bereizitako bi eremutan betelanak egiteko behar diren 1.500 metroko hormak osatzeko. Hormak jarri baino lehen harri-lubetak zimendatzeko banketa bat sortu behar izan da eta inguru horretan lohi-lodiera handia zegoen Itsasadarraren hondoa indartu behar izan da. Horretarako, legar-kantitate izugarriak sartu dira, koloma modura, arrokara iritsi arte. Guztira, 60 km inguru legar-zutabe egin dira.
Lanik konplexuena horma horiek Zorrotzaurre uharteko Ipar Puntan jartzea izan da, lurrarekiko distantzia handiagoa zegoelako, eta, ondorioz, irismen handiko garabia behar izan zelako. Urrutiago dauden modulu horiek (muturra osatzen dutenak) lurretik 115 metrora kokatu ziren.
Zorrotzaurre garatzeko beharrezkoak diren obretarako akordio instituzionala
Portuko Agintaritzak Deustuko Kanalaren Ezkerraldeko betelana Acciona Construcción eta Altuna y Uría enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zion, 20 milioi inguruko zenbatekoarekin. Lan hori funtsezkoa da Zorrotzaurre garatzeko proiektua gauzatu ahal izateko.
Eragiketa berritzailea eta lizitazio berezia izan da, 2018ko urtarrilean Sustapen Ministerioak, Estatuko Portuek, Bilboko Portuko Agintaritzak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta
Etxebizitza Sailak sinatu zuten hitzarmen konplexu baten bidez egin ahal izan dena.
Kontratu prozedura baten ondorioz, kontratuaren esleipendunak betelanak egin behar ditu. Portuko Agintaritzak, berriz, portuko jabari publikoan betelanak egiteko baimena eman du, eta, ondoren, sortutako lurrak ez direla beharrezkoak adieraziko du. Azkenik, salerosketa eta eskualdatzea formalizatuko zaio partzelaren esleipendunari. Jarraian, esleipendun-eskuratzaileak Zorrotzaurreko Alde Mistoaren Hiri- Antolamenduaren Plan Bereziaren AI-2 jarduketa integratuan aurreikusitako eraikuntza-produktuaren hirigintza-garapena eta sustapena egin ahal izango du. Jarduera horrek 6 bizitegi-lurzati aurreikusten ditu, 12 etxebizitza-bloketan banatuta, AI-2ko jabetzaren ehunekoa % 80 inguru izanik.