Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Bahía Bizkaia Gasen (BBG) eta Bilboko Portuko Agintaritzaren lankidetza dela medio, Bilboko Portuak beste urrats bat egin du berrikuntza eta jasangarritasunerako bidean: lehenengo bunkering zerbitzua eman du, hau da, erregaitarako gas natural likidotuz hornitu du ontzi bat.
GNLa duen zisterna-kamioi batez egin da lehen eragiketa hori (“truck to ship” bunkeringa delakoa). Hori da, izan ere, teknikarik moldakorrena, ez baitu instalazio espezifikorik behar portuan. Mahuka malgu batzuk baino ez dira behar itsasontzia zisterna-kamioiarekin konektatzeko. Kamioiak berak darama ponpatze-sistema osoa.
Ireland da GNLz hornitu den lehen ontzia, Agencia Maritima Artiach Zuazagak kontsignatua eta Bilbo-Erresuma Batua-Irlanda arteko bidea egiten duen linea batekoa. 110 m luze da
ontzia. Bost ordu iraun du hornidura-eragiketak, zeina Molgas Energía konpainiako kamioi batek egin duen. Ontziak GNLz lehorretik hornitzeko zerbitzu komertziala emateko Bilboko Portuko lehenengo enpresa baimendua da Molgas Energía.