Hiru egunez, 150 profesional baino gehiago elkartuko dira Bilboko Portuan. Suhiltzaile-zerbitzuetako langileak, prebentzioko teknikariak eta sektorearekin lotutako enpresa eta erakundeetako ordezkariak dira, eta ezagutzak partekatzeko, esperientziak trukatzeko, ekipamendu berriak probatzeko eta laneko segurtasunaren eta arriskuen prebentzioaren arloko lan-metodoak hobetzeko bildu dira.
Barne-mailako jarduera da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Portuko Agintaritzak eta PRL Bomberos elkarteak antolatu dute.
Suhiltzaile-zerbitzuetako Segurtasunari eta Prebentzioari buruzko V. Kongresua egingo da Bilboko Portuko instalazioetan, gaur hasi eta ostegunera bitartean. Foro hori erreferentziako hitzordu gisa finkatu da suhiltzaile-zerbitzuetako prebentzioaren eta segurtasunaren eremuko profesionalentzat, eta hiru egun hauetan Estatuko autonomia-erkidego guztietako 150 pertsona baino gehiago hartuko ditu.
Ekintza Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Portuko Agintaritzak eta PRL Bomberos elkarteak antolatu dute, eta haren helburu nagusia da prebentzioaren kultura sustatzea suhiltzaileen segurtasunaren eta esku-hartzearen esparruan. Ildo horretan, haien jarduketetan segurtasun-baldintzak hobetuko dituzten metodologia eta teknika berriak aurkeztuko dira. Bosgarren edizio honek gainditu egin ditu aurreikuspenak eta aurretiaz itxi behar izan da izena emateko epea, plaza guztiak bete ondoren.
Kongresuan zehar, hainbat hitzaldi eta tailer praktiko egingo dira, funtsezko gai hauek aztertzeko, besteak beste: esku-hartzeak salgai arriskutsuak daudenean, instalazio hidraulikoen diseinu segurua, altueran eta eskailerak erabilita egindako lanen segurtasuna, hiriaren eta basoaren arteko lotura-eremuetan egiten diren esku-hartzeak edo zerbitzuen digitalizazioa. Halaber, lanbidearen arrisku psikosozialekin eta esku-hartzaileentzako laguntza psikologikoarekin lotutako gaiak jorratuko dira.
Tailerrek txandakakoak izango dira eta parte-hartzaileek saio askotara joateko aukera izango dute. Era berean, mahai-inguru bat egingo da OSALANeko, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Institutu Nazionaleko (LSOIN) eta Lan Ikuskaritzako adituekin, suhiltzaileen esku-hartzeetan dauden kutsatzaileak ardatz hartuta.
Biltzarrean larrialdien sektoreko enpresa liderrek ere parte hartuko dute, eta esku-hartze konplexuetan segurtasuna hobetzeko berrikuntza teknologikoak aurkeztuko dituzte.
Bizkaiko PSSZren funtzio anitzeko robotaren erakustaldia
Programatutako jardueren artean sartzen dira, halaber, larrialdiei aurre egiteko ekipamendu aurreratuen erabilerari buruzko erakustaldiak. Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak hornitzeko Bilboko Portuko Agintaritzak eman duen funtzio anitzeko robot berria erakutsiko da. Munduan potentzia handienetariko bat da robot elektriko hori; urrutiko kontrolaren bidez gidatzen da, eta halako ezaugarriak dituen lehenengoa da estatuko suhiltzaile-zerbitzu batean.