Brexit-a, intermodalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna izan dira Bilboko Portuko Agintaritzako eta Estatuko Portuetako arduradunek aztertu dituzten gai nagusiak, Álvaro Rodríguez Dapena Estatuko Portuetako presidenteak Bilboko Portua bisitatu duen lehen aldian.
Bileran, Ricardo Barkala Portuko Agintaritzako presidenteak eta haren zuzendaritza-taldeak aukera izan dute Estatuko Portuetako ordezkariekin gai interesgarriak eztabaidatzeko, hala nola distantzia laburreko itsas-garraioa. Bilboko portuko komunitateak Brexiterako prestatzeko eta Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin Espainiako itsas trafikoaren ate nagusia izaten jarraitzeko egindako jarduerak ere mintzagai izan dituzte. Halaber, intermodalitateari, portuak parte hartzen duen portu lehorrei eta korridore atlantikoa bultzatzeko beharrari buruzko iritziak trukatu dituzte. Legeriari eta kudeaketari dagokienez, zamaketaren egoera, Esparru Estrategiko berria eta giza baliabideen arloko eskumenak izan dira landu diren gaietako batzuk.
Rodríguez Dapenak bertatik bertara ezagutu ditu enklabe honen bilakaera eta erronka nagusiak; udaberrian aurkeztuko diren plan estrategiko berria eta trantsizio energetikorako plana, besteak beste. Ricardo Barkalak portua hiru jarduera-ildotan egiten ari den ahalegina azpimarratu dio: berrikuntza, digitalizazioa eta jasangarritasuna (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa).
Ondoren, instalazioetara egindako bisitan, Estatuko Portuetako ordezkariek aukera izan dute portuko operadoreekin hitz egiteko eta obra
garrantzisuak bertatik bertara ezagutzeko: kai-mutur nagusi berria, eta horren lehenengo 200.000 metro karratuen urbanizazioa, eta AZ1 kaiaren 50.000 metro karratuko luzapena. Horrez gain, merkantzia eta bidaiarientzako ferryak lehorreratzen diren Brittany Ferries-en terminalean ibili da, Bilbo Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin lotzen dituena. Martxoan konpainiaren GNL erregaia erabiltzen duen lehen ontzia hartuko du terminal horrek, eta Repsolek gas-zerbitzuguneko lanak amaituta izango ditu ordurako.