Bilboko Portuko Agintaritzak, “Basque Country Logistics” standaren barruan, nazioarteko 5. Fruit Attraction azokan parte hartzen du. IFEMA Madrid-en urriaren 16tik 18ra egiten ari diren azokako 9A05B standa baliatuz, Bilboko Portuak Espainiako barazkiak eta frutak Europara esportatzeko eta hirugarren herrialde batzuetatik inportatzeko duen eskaintzaren berri eman du. Era berean, zenbait produktu —hala nola barazki izoztuak, tipulak, patata, letxugak eta zitrikoak— garraiatzeko itsas garraioak errepideetako garraioaren aldean dituen abantailak nabarmendu dituzte.
Zerbitzu intermodalak
Trafiko horien eskakizunei erantzuteko, zerbitzu intermodalak eskaintzen ditu Bilboko Portuak, eta, horiei esker, Europarekin eta Iberiar penintsularekin ondoen konektatutako Atlantikoko portua da.
Hain zuzen, Europako portu nagusiekin distantzia laburreko zerbitzu-aukera zabala izateak Alemaniara, Frantziara, Erresuma Batura, Herbehereetara, Belgikara eta Eskandinaviara esportatzeko irteera natural bihurtzen du portua. Zehazki, edukientzako lo-lo zerbitzuez gain, edukientzako eta merkantziak daramatzaten kamioientzako hiru ro-ro zerbitzu ditu.
Itsaso bidezko konexioak osatzeko, tren-zerbitzu intermodalek Bilborekin lotzen dituzte Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia. Azken horren kasuan, tren hozkailuen zerbitzu erregular bat du Bilboko Portuarekin, Nonduermansetik abiatzen dena.
Terminalak
Beste instalazio batzuen artean, produktu galkorrentzako terminal bat du portuak, 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea). Hainbat biltegiratze-moduluri esker, tenperatura desberdinetan biltegiratu daitezke merkantziak: +12° eta -5° C artean produktu fresko eta hoztuak eta -22° C arte produktu izoztuak. Horiez gain, biltegi pribatuak ditu eremu logistikoan, eta edukiontzi hoztuentzako 486 hargune edukiontzien terminalean.
Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariek zerbitzu guztien bizkortasuna ere nabarmendu nahi dute, hala nola Muga Ikuskaritzako Postuarena (MIP). Hain zuzen, MIP laborategietan —zeinak postuan bertan baitaude— ikuskatze-erakunde guztiekin koordinatuta egiten dira osasun-kontrol guztiak.