Portuko Agintaritzako lehendakariak Bilboko loturaren erronka komertzialen eta logistikoen berri eman die
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Batzordearen ordezkaritza batek Bilboko Portuak Santurtzin eta Zierbenan dituen instalazioak bisitatu ditu, eta lehen eskutik jaso du erronka komertzial eta logistiko berriak lortzeko Bilboko Portuko Agintaritza egiten ari den proiektuen berri.
Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak erakundearen
2013-2017ko Plan Estrategikoaren xehetasunak eman dizkie. Zazpi helburu ditu planak: itsas trafikoa handitzea; azpiegitura berriak garatzea eta mantentzea; zerbitzuak emateari dagokionez, lehiakortasuna hobetzea eta bikaintasunean aurrera egitea, zerbitzu telematikoetan berrikuntzak eginez; giza talde gaitu, kohesionatu eta motibatu bat sustatzea; segurtasuneko, babeseko eta ingurumeneko barneko kudeaketa-sistemak optimizatzea; inguruarekin lotura handiagoa lortzea, eta proiektuen jasangarritasun ekonomiko-finantzarioa mantentzea.
Portua ekonomiaren termometroa den heinean, hala nabarmendu du Atutxak azalpenean: “esan dezakegu, nahikoa optimismoz, 2013az geroztik trafikoen joera aldatu egin dela eta, aurtengo ekainera arte, tona-kopurua % 1,6 eta esportazioak % 8 igo direla. Inportazioak, berriz, azken urteko lehen seihilekoaren antzeko mailetan mantentzen dira”. Horrez gainera, Portuko Agintaritzako lehendakariak azpimarratu du Bilbo portu malgua dela eta trenbidea sustatzearen alde egiten duela. Hori dela eta, Parlamentuari bere babesa eskatu dio Sustapen Ministerioari eskatzeko merkantzien hegoaldeko tren-bariantea egiteko apustu sendoa egin dezala. Trafikoak sustatzeko eta Bilboko Portuaren lehiakortasuna hobetzeko funtsezko obra da.