INEA Berrikuntzako eta Sareetako Agentzia Exekutiboak, zeinak Europar Batasunaren azpiegitura- eta ikerketa-proiektuak kudeatzen baititu, bisita egin die EBk “Biscay Line – Multiple port Finland – Estonia – Belgium – Spain long distance MoS, relevant to many core network corridors” proiektuaren 2014ko deialdian Finnlines-en ontzietan eta Bilboko eta Anberesko portuetan kofinantzatu dituen inbertsioei.
Proiektu-amaierako bilerak, zeina Bilbon egin baitzen, balio izan du egindako inbertsio guztiak egiaztatzeko, baina, batez ere, EBk Bilbo eta Anberesen arteko zerbitzuarekiko babesaren beste adierazgarri bat izan da. Consignaciones Toro y Betolaza Taldeak darama zerbitzu hori, eta eraginkortasuna, kalitatea eta segurtasuna irabazi ditu proiektu honekin. Guztira 15.105.722 euroko inbertsioa du proiektuak, eta Europak gehienez % 30 finantzatu du.
Proiektuaren barruan, Finnlines ontzi-konpainiak Sulphur Emission Control Areas (SECAs) izenez ezagutzen diren eremuetako emisio-erregulazio berrietara egokitu ditu bere ontziak. Horretarako, scrubber batzuk instalatu ditu ontzietan, zeinak autoetako katalizatzaileen antzeko ekipoak baitira eta asko murrizten baitute sufre oxidoa.
Bilboko Portuko Agintaritzak, berriz, ro-ro arrapala baten ahalmena handitu du, karga astuneko eragiketak hobetzeko, eta, hala, Finnlines-ek ematen duen zerbitzua hobetzeko.
Zehazki, 5 zenbakiko ro-ro arrapalako zubiaren zabalera handitu da, 10 metroraino, eta 250 tonaraino handitu da arrapalaren ahalmena.
Horrez gainera, Consignaciones Toro y Betolazak Bilboko Portuan kargarako duen ekipamendua hobetu du linea horretan, hamabi trailer eta garabi eramangarri mugikor bat sartuta.
Anberesko Portuan, berriz, hobekuntzak egin dira zerbitzu horren atrakalekuan; zehazki, Euro Terminal NV-n (AET). IKT prozesuak hobetu dira (sartzeko atearen identifikazio berria, WiFia), eta, hala, erraztu egin dira prozedura administratiboak.
Finnlines-ek astero ditu zerbitzuak Bilbotik Zeebrugge, Anberes, Paldiski, San Petersburgo eta Helsinkira. Con-ro ontziekin ematen da zerbitzua, zeinak egokiak baitira era guztietako merkantziak garraiatzeko, eta ahalmena baitute zenbait heavy lift eta dimentsio handiko karga eramateko.