Madrilen izandako topagune batean, Bilboko Portuko Agintaritza eta Mercabilbao Hego Amerikako zazpi enbaxadarekin eta Afrikako enbaxada batekin elkartu dira. Topagunea Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatu zuen, Madrilen duen ordezkaritzaren bidez, Amerikako eta Afrikako nekazaritza-produktuen inportazio-fluxu gehiago bideratzeko asmoz.
Bileran —bertan izan ziren Peru, Brasil, Txile, Costa Rica, Kolonbia, Ekuador, Mexiko eta Hegoafrikako ordezkariak— fruta ekoizle/komertzializatzaileek Bilboko Portua eta Mercabilbaoko instalazioak bisitatzeko interesa agertu zuten, Fruit Attraction Azokan (urriaren 18tik 20ra) parte hartzeko Madrilera bidaiatuko dutela aprobetxatuz. Bisita horretan, lan-saio bat antolatuko da, eta han izango dira Bilbon eta bere eragin-eremuan fruta inportatu eta esportatzen duten enpresa nagusiak.
Bileran, alde batetik, azaldu zen Mercabilbaok potentzial handia duela fruta eta barazkien zentro komertzializatzaile gisa, bai Espainiako iparraldean, eta bai Frantziako hegoaldean; eta, bestetik, Bilboko Portuaren lehia-abantailak, Espainiara eta Europako iparraldeko herrialdeetara inportazioak sartzeko.
Lankidetza-hitzarmenak
Bilboko Portua, garrantziari dagokionez, Espainiako laugarren portua da: 31,9 milioiko trafikoa du guztira, eta horietatik 6,3 edukiontzi bidez garraiatzen da.
Azken urteotan, fruten eta barazkien sarrera- eta irteera-fluxuak handitzeko apustu handia egin du. Alor horretan, Mercabilbaorekin lankidetzan dihardu, sinergiak aprobetxatzen, karga-bidaltzaile berriak eta itsas linea berriak erakartzeko. Iberiar penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketarako zentro handiena da Mercabilbao. Iaz, Bilboko Portuak salerositako barazki eta fruten kopuruak % 17 egin zuen gora.
Bere aldetik, Mercabilbaok 217 milioi kilo fruta eta barazki baino gehiago merkaturatu zituen.