Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua (PSSZ) da lehena estatuan lehorreko robot multifuntzional bat daukana urrunetik gidatzekoa.
Azken belaunaldiko ekipo berri hori Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Portuko Agintaritzaren arteko lankidetza-hitzarmen baten emaitza da, eta Bilboko Portuan gerta daitezkeen suteen eta bestelako istripuen prebentzioan nahiz halakoen inguruko aholkularitzan eta esku-hartzeetan erabiliko da.
Hitzarmen horren bitartez, edukiontziak garraiatzeko garabi-kamioi berri bat ere erosi da, zerbitzua indartzeko. Guztira, 607.000 euro baino gehiago inbertitu dira ekipo biok erosteko.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak azken belaunaldiko robot elektriko multifuntzional bat jaso du, Ricardo Barkala Bilboko Portu Agintaritzako presidentearen eskutik. Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko langileek erabiliko dute ekipo berritzaile hori, erakunde biek sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren ondorioz.
Munduan potentzia handikoenetariko bat da robot elektriko hori, eta Aldundiaren suhiltzaile-zerbitzua lehenengoa izango da estatuan halako ezaugarriak dituen robot bat erabiltzen. Lehorreko makina ez-tripulatu bat da, urrutiko kontrolez gidatzen dena, eta arriskua bere gain hartzen du konplexutasun edo arrisku handiko egoeretan. Diseinu modularrak eta era askotako misioak egiteko gaitasunak funtsezko tresna bihurtzen dute arrisku handiko egoeretan, suteak izan nahiz oso kutsatuta dauden giroak edo eraikinak behera etorrita daudenean. Halako egoeretan, minimizatu egiten du suhiltzaileek hartuko luketen arriskua. Ezaugarri berak dituen gailu bat erabili zen, hain zuzen ere, larrialdi-operazio konplexu batean: Parisko Notre Dame katedralaren sutean.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak adierazi duenez, dotazio berri horrekin «gure suhiltzaileek segurtasun eta eraginkortasun handiagoz esku hartu ahal izango dute; arriskuak minimizatuko dituzte, eta emaitzak, maximizatu. Teknologiak ez ditu esperientzia eta profesionaltasuna ordezkatzen, baina aliatu ahaltsua izan daiteke. Zerbitzuan teknologia gehiago izanik, segurtasun handiagoa jartzen dugu suhiltzaileen esku-hartzeetan, larrialdiei erantzuteko gaitasun hobea, eta, horrela, hobetu egiten dugu Bizkaiko bizi-kalitatea. Robot hau, lehenengoa da estatu osoan horrelako ezaugarriak dauzkana eta larrialdi-zerbitzu batean erabiliko dena, eta pauso handia da norabide horretan».
Etxanobek bezala, Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak ere azpimarratu nahi izan du erakunde biek duela 28 urtetik daukaten hitzarmena, aukera ematen baitu eten barik berritu eta hobetzeko PSSZk larrialdi bakoitzari aurre egiteko dituen baliabide teknikoak. «Edozein ekipamendu erosi aurretik, ados jartzen gara beti zerbitzu hori ematen duten profesionalekin. Oraingo honetan, gainera, bat egin dute erabilgarritasunak eta berrikuntzak, goi-mailako teknologiak eta, funtsezkoa baita, segurtasunak. Dotazio berri hau, aurreko guztiak bezala, Bizkaian gerta daitekeen edozein ezbeharretan erabili ahal izango da, izan portuan bertan nahiz portutik kanpo», azpimarratu du.
Erabilera askoko robotaren ezaugarriak eta funtzioak
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak erabiliko duen robotak 500 kilo pisatzen du, beldar-gurpilen gainean dabil, eta, horri esker, hainbat gauza egin ditzake: 30 zentimetro arteko oztopoak gainditu, eskailerak igo eta jaitsi, 40º baino gehiagoko maldak igo, eta tona baterainoko kargak bultzatu eta mugitu. Horrez gain, 16 orduz bateriarik aldatu barik jarduteko autonomia dauka, eta bateriak makina bero dagoela ere aldatu daitezke, hau da, esku-hartzeak eten barik egiteko aukera bermatzen du. Gainera, uraren bidez bere burua babesteko duen sistemari esker, muturreko tenperaturak jasan ditzake –800 ºC arte–, eta, beraz, egokia da inguru gogor-gogorretan ere esku hartzeko.
Suteak itzaltzeko erabiltzeaz gain, beste zeregin askotan ere erabil daiteke: erreskateak, biktimak ebakuatzeko eta lekuz aldatzeko, ingurune zailetan ekipamenduak eta erreminta astunak garraiatzeko, arakatze-lanak egiteko, hainbat aldagairen neurketak egiteko (tenperatura, toxikotasuna, oxigeno erabilgarria, atmosfera leherkorrak, eta abar). Moduluka diseinaturik dagoenez, pertsona bakar batek ekipoak muntatu eta desmuntatu ditzake, bestelako erremintarik gabe, 30 segundo baino gutxiagoan. Esate baterako, ekipo bat baino gehiago jar dakioke makinari: ur-monitorea, bideo-dorrea eta kamera termikoa, materialak garraiatzeko saskia eta ohatilak eramatekoa.
Alda daitezkeen bateria-sistema bat dauka, eta horrek aukera ematen dio 16 ordura arteko autonomia izateko. Colossus modeloko robota da, Shark Robotics-ek Frantzian fabrikatua, eta honako ezaugarri hauek dauzka: ura itzaltzeko monitore bat, 3.000 l/min-ko aparra, 360º-ko ikuspena duten kamera optikoak eta termikoak, eta 500 kg-tik gorako karga-ahalmena. Ezaugarri tekniko horiei esker, oso erraz molda daiteke egoera kritiko eta konplexuetan, eta horrek bermatzen du makina arin jarri ahal izatea lanean eta eraginkorra izatea, betiere gutxieneko mantentze-lan bat eginez gero.
Artatzako suhiltzaileen parkean edukiko dute robota, eta hango erreleboek eta agintariek jaso dute jada makinari buruzko prestakuntza berezia. Horrela, sendoturik geratzen da erakunde biek, Aldundiak eta Portuak, segurtasunarekin eta herritarren babesarekin duten konpromisoa.
Erabilera askotarako garabi-kamioi bat Bizkaiko PSSZ sendotzeko
Robot multifuntzionalarekin batera, azken belaunaldiko garabi-kamioi bat aurkeztu dute Bilboko Portuko instalazioetan, Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren gaitasun operatiboa sendotuko duena. Era askotan erabil daitekeen ibilgailu bat da, eta, diseinatuta dagoen moduan, zerbitzuaren edozein edukiontzi garraiatu dezake askotariko ekipoak eramateko. Horrez gainera, garabi bat dauka zamak kargak manipulatzeko, bai larrialdi-egoeretan eta bai zerbitzuaren beste edozein jarduera logistikotan.
Hiru ardatzeko kamioia da, eta 26 tona da haren baimendutako gehieneko masa; 6,60 metro luze diren edukiontziak ere karga ditzake. HIAB X-HIDUO 228 garabi bat dauka, 1.060 kg 15 metrora igotzeko gai dena, eta Multilift Optima 20 S 59 kako bat. Urrutitik kontrolatzen da garabi-sistema, eta, horrela, automatikoki egin daitezke karga- eta deskarga-lanak. Horrek eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzen ditu operazio bakoitzean.
Lankidetza estrategikoa Portu Agintaritzaren eta Foru Aldundiaren artean
Robot multifuntzionala eta garabi-kamioia eskuratzeko, 607.773 euroko inbertsioa egin da guztira (337.568 euro robota eta 270.000 kamioia), eta biak sartzen dira Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 1996az geroztik elkarrekin duten lankidetza-hitzarmenaren barruan. Akordio horren ondorioz, Foru Aldundiko suhiltzaileek esku-hartzeko talde modura jarduten dute Bilboko portuan, Portuko Autobabeserako Planaren arabera. Beste alde batetik, Portu Agintaritzak ekipo berriak eta prestakuntza espezializatua jartzen ditu, portu barruan larrialdiei aurre egiteko.
Erosi berri diren ekipo bi horiekin, Bizkaiko PSSZk hobeto erantzun dezake larrialdietan, handitu egiten du arrisku handiko egoeretan bere profesionalen eraginkortasun operatiboa eta segurtasuna, eta horrek eragin zuzena du Bizkaiko herritar guztien babesean eta segurtasunean.