Maniobra konplexu eta luze baten ondoren ontziratu dute, Bilboko portuan, Fully Erected garabi bat, eta Karibe itsasora eramango dute, Antilletako Guadalupe artxipelago txikiko kontainer-terminal batera. Egun bakar batean, hamabi orduan, kargatu da garabia. Altius Talde garraio-kudeatzaileak prestatu eta koordinatu du eragiketa; kontsignatarioa, berriz, Marítima Dávila izan da, eta zamaketa-enpresa, Toro y Betolaza. Bilboko Portuko Agintaritzaren laguntza ere izan du eragiketak.
Pacecok diseinatu zuen garabia, STS motakoa (kontainerrak higitzekoa), eta Kalmar-ek eraiki eta muntatu du. 1.280 tonako pisua du; 68 metro garai da, 27 metro zabal eta 106 metro luze. Hamasei hilabete behar izan dira garabia muntatzeko. Kanpoko Abrako A-3 kaian egin dira muntatze-lanak, piezaz pieza.
Garabia ontziratzeko, berriz, SPMT orga autopropultsatuen bidez jarri dute ontziaren alboan. Ontziko bi garabiek igo dute ontzira.
Big Lift konpainiako M/V Happy Star ontzia hautatu du Altius Taldeak eragiketa horretarako: 156 metro luze eta 29 metro zabal da, eta 1.100 SWL tonako garabi-ahalmena, hau da, 2.200 tonakoa tandem-jardunean.
Ontziaren bizkarrera igo ondoren, karga prestatu —lotu— egingo dute bost egunez, 24 orduko lanaldiak eginez, bizkarrari soldadutako euskarri eta errefortzuen bidez.