Itsasoko dorre eta egitura eolikoak fabrikatzeko Europako lantegirik handienetako bat inauguratu du Haizea Wind-ek Bilboko portuan.
Guztira 60 milioi euro baino gehiago inbertitu dira fabrika eraikitzen eta hura hornitzen eta martxan jartzen.
Berezia eta azken belaunaldikoa da lantegia, eta 77.000 bat m2 ditu AZ-2 kaian —portuaren zabalgunea, kanpoko Abra—; zehazki, Zierbenako aldean. Fabrika berriak zuzeneko sarbidea du atrakalekurako, zeinak 21 m-ko sakonera baitauka. Kaiarekiko hurbiltasunari eta sakonera handiari esker, sarrera- eta irteera-logistika oso lehiakorra bermatzen du, tamainagatik murrizketarik egin beharrik gabe.
Beste alde batetik, 500 m luze da lantegia, eta hiru nabe ditu, 35na m-ko zabalerakoak. Gainera, azken belaunaldiko makineriaz hornituta dagoenez, tamaina eta kalitate
handiko piezak azkar ekoitz ditzake. Itsasoko dorre eta zimenduen egungo eta etorkizuneko tamainak kontuan hartuta antolatu dira fabrikaren ahalmenak.
Ekoizpen-gaitasun erabatekoan jardunda, Haizea Windek 50 m-ko luzera, 8,6 m-rainoko diametroa eta 130 mm-ko txapa-lodiera duten itsasoko 300 dorre-sekzio fabrika ditzake urtean. Aerosorgailuen elementu nagusietakoak dira dorre eoliko horiek.
Itsasoko parke eolikoetan erabiltzen diren beste pieza handi batzuk ere egingo dira lantegi horretan, hala nola monopileak eta trantsizio-piezak (TPak). Zehazki, urtean 100 monopile egingo dira, 100 m-ko luzera, 10,5 m-rainoko diametroa eta 130 mm-ko lodiera dutenak.
Lehengai gisara, berriz, hauek erabiliko dira: karbono-altzairuzko txapa —gertuko altzairutegietatik eramana, gehiena—, bridak —haiek ere altzairuzkoak— eta barruko elementu elektrikoak eta mekanikoak. Aurreikuspenen arabera, instalazioak 142.500 tona txapa lodi eta 7.500 tona brida erabiliko ditu, beste lehengai batzuen artean. Guztira, urtean 150.000 tonako ekarpena egingo dio portuko trafikoari, ekoizpen-ahalmen erabatekoan diharduenean. Tona-kopuru handiko trafikoaz gain, proiektu honek batez ere balio erantsia ekarriko du, estrategikoa baita porturako eta Euskadirako.
86 langile ditu egun fabrikak, eta 250-300 inguru izango dira lanari bete-betean ekiten dionean.
Bilboko portua, euskal industria eoliko ahaltsu baten zerbitzura
Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza da proiektu estrategiko hori. Construcciones Intxausti, Byco (Inbisa Construcción) eta Gaimaz Infraestructuras y Servicios enpresek osatutako ABEEak egin ditu eraikuntza-lanak. Portuko Agintaritzaren inbertsio-planen barruan sartzen dira eraikuntza hori eta horren erabilera. Enpresak zuzenean sortuko
dituen lanpostuez gain, ontzi-trafiko handiagoa, baliabideak eta aberastasuna sortzen dituzten proiektu logistiko eta industrialak sustatzea (eolikoak, besteak beste), hori da plan horien helburua. Izan ere, piezen tipologia eta tamainak ikusirik, areagotu egingo dira ontzien manipulazio- eta kargatze-lanak, bai eta karga lotzekoak ere.
Haizea Wind Group
Talde industrial sortu berria da Haizea Wind Group (HWG), eta Bilbon du egoitza. Esperientzia zabala du dorre eolikoen fabrikazioan, eta ikuspegi orokorra, nazioartekoa. Sektore eolikoaren hornitzaile orokor bihurtzea du helburu.
Bilboko lantegia da taldeak azken sei hilabeteotan martxan jarri duen bigarren proiektua.; lehenbizikoa, berriz, Argentinan dago: dorre eolikoen fabrika bat, hango fabrikatzaile batekin eratutako joint venture baten emaitza. 2017ko laugarren hiruhilekoan hasi zen lanean Argentinako lantegia (Haizea-Sica), eta 350 sekzio fabrikatuko ditu urtean.
Bilboko lantegia da taldeak azken sei hilabeteotan martxan jarri duen bigarren proiektua.Globalizazioaren bidean taldeak emango duen hirugarren pausoa, berriz, Saudi Arabian emango du: joint venture bat hango enpresa batekin (Al-Babtain), dorreak fabrikatzeko . King Abdullah Economic Cityn (KAEC) egingo da lantegia, herrialde hartako mendebaldeko kostaldean, Jeddah, Meka eta Medina hirietatik hurbil. 2018ko bigarren seihilekoan hasiko dira eraikitzen lantegia, eta lehen sekzioak 2019ko lehen seihilekoan ekoitzi eta entregatuko zaizkie bezeroei. Urtean 350 sekzio egiteko ahalmena izango du fabrikak.
Haizea Wind Groupek segurtasun- eta prebentzio-estandarrik zorrotzenak jartzen ditu bere langileen eskura, eta alor horretako dagozkion ziurtagiri guztien jabe da. Halaber, Onshore eta Offshore merkatuetarako kalitatearen ISO eta DNM goi-estandarren jabe ere bada, eta esperientzia zabaleko lantaldea du. Azkenik, lehentasuna ematen die taldeak bezero eta hornitzaileekiko lankidetzari eta gardentasunari.