- 55 milioi euroko inbertsioa egingo da instalazioa eraikitzeko eta makineria espezifikoa instalatzeko.
- 2018ko lehen hiruhilekoan jarriko da martxan lantegi berria, eta 250-300 zuzeneko lanpostu sortuko ditu.
- Urtean 180 dorre egiteko ahalmena izango du fabrikak. Dorre bakoitza hiru atalez osatuta egongo da, eta, handiak izango direnez atalok, portuko kaietatik hurbil fabrikatu behar dira.
- Euskal industria eolikoa indartu eta handitu egingo du proiektu estrategiko horrek; Bilboko Portuari dagokionez, berriz, sendotu egingo da proiektuetan duen espezializazioa.
Uztailean hasi dira itsasoko instalazioetarako dorre eolikoak fabrikatzeko Haizea Winden lantegiaren eraikitze-lanak Bilboko Portuan. Guztira, 55 milioi euro inbertituko dira nabea eraikitzen, hura ekipatzen eta martxan jartzen.
Lehiaketa publiko bidez esleitu zion Bilboko Portuko Agintaritzak nabe horren eraikuntza Construcciones Intxausti, Byco (Inbisa Construcción) eta Gaimaz Infraestructuras y Servicios enpresek osatutako ABEEari. Aurrekontua: 17,6 milioi euro. Obrak egiteko epea, berriz, zazpi hilabete eta erdikoa da.
48.800 metro karratu izango ditu eraikin-multzoak, eta Bilboko Portuko zabalguneko AZ-2 kaian, Zierbenan, kokatuko da, 77.000 metro karratu inguruko lursail batean. Nabe nagusiaz gain, zerbitzuetarako eta administrazio-lanetarako eraikin bana ere izango ditu lantegiak. Hogei metroko altuera izango du nabeak.
Portuko Agintaritzaren inbertsio-planaren araberakoak dira eraikuntza hori eta haren erabilera. Ontzi-trafiko handiagoa, baliabideak eta aberastasuna sortzen dituzten proiektu logistiko eta industrialak sustatzea (eolikoak, besteak beste), hori da plan horren helburua. Pieza handietan(“proiektu edo garraio bereziak” deritzenak), batetik, eta indar handia hartzen ari den energiaren sektorean, bestetik,espezializatuta dago Bilboko portua. Hango instalazioetatik ateratzen dira Euskadin egiten diren pieza eoliko gehienak, eta kaitik oso hurbil daude horiek fabrikatzen dituzten enpresetako batzuk.
Jada instalatuta dauden sektore eolikoko enpresei batu zitzaien Haizea Wind 2017ko otsailean, Portuko administrazio-kontseiluak orain nabea eraikitzen ari den azaleraren emakida eman zionean; lantegia eraikitzen denean, berriz, haren emakida ere izango du enpresa horrek.
250-300 lanpostu
Haizea Windek, berriz, 37,4 milioi euro inbertituko ditu ekipamendu industrialean eta itsas dorre eolikoak eta beste osagai batzuk fabrikatu eta esportatzeko lantegia martxan jartzen. Zuzeneko 250-300 lanpostu sortuko ditu lantegi berriak, jarduera maximoko aldietan. 2018an hasiko da lanean, aurreikuspenen arabera.
180 itsas dorre fabrikatzeko ahalmena izango du lantegiak. Hiru atal izan ohi ditu itsas dorre estandar batek. Dorre-atalka neurtzen denez ekoizpena, urtean 540 atal fabrikatzeko gai izango da. Urtean 107.000 tonako trafikoa ekarriko dio portuari jarduera horrek.
Aerosorgailuen elementu nagusietakoak dira dorre eolikoak.
Hauek dira aerosorgailuen osagaiak: hiru pala, nacelle bat eta dorre bat. Gainera, itsas parke eolikoetan erabiltzen diren beste pieza handi batzuk ere fabrikatu ahalko ditu instalazioak, hala nola monopileak eta trantsizio-piezak. Lehengai hauek erabiliko dira: karbono-altzairuzko txapa, gertuko altzairutegietatik zuzenean entregatua, bridak —haiek ere altzairuzkoak— eta barruko elementu elektrikoak eta mekanikoak.
Aurreikuspenen arabera, instalazioak 65.000 tona txapa lodi eta 7.500 tona brida erabiliko ditu, beste lehengai batzuen artean.
8,5 metrorainoko diametroa izaten dute itsas dorreek, eta, ataleko, 400 tonako pisua eta 50 metroko luzera. Luzera desberdinetako hiru atal (gehienez ere) elkartu daitezke; beraz, 90 metrotik gora izan dezake pieza osoak, ontzietan muntatu ondoren. Hori dela eta, kaitik gertu fabrikatu behar dira, nahitaez, pieza horiek guztiak.
Horrexegatik, hain juxtu ere, erabaki zuen enpresak Bilboko Portuan egitea inbertsio hori, saihestu egiten baitu, hartara, industria horren arazo nagusia: produktu-mota hori lurrez garraiatzeko ezintasuna, tamaina dela eta. Horrez gainera, kokapenak aukera ematen dio, merkatuak hala eskatuz gero, oso lehiakorrak izateko lehorreko dorre eolikoen fabrikazioan, instalazioa prestatuta egongo baita bi produktu-mota horiek fabrikatu ahal izateko. Malgutasun handia emango dio horrek eskaera-mota desberdinetara egokitzeko.
Indartsu dabil euskal industria eolikoa
2016an, garraio berezi gisara sailkatutako 4.480 pieza ontziratu ziren Bilboko Portuan, hots, 2015ean baino % 12 gehiago.
Azken urteotan, Bilboko portuaren erakargarritasuna dela eta (sakonera handiak, azalera erabilgarria eta mundu osoko portuekin dituen itsas zerbitzuen ugaritasuna), produktu astunak (heavy cargo) egiten dituzten zenbait industria handi kokatu dira portuan, kokaleku estrategikoko instalazioak eta karga zuzenean itsasontzira eramateko puntu bat behar baitituzte industria horiek. Honenbestez, aspalditik Bilboko portuko kaietan diharduten zenbait enpresaren multzora (Navacel, Vicinay Cadenas) bildu dira Gamesa Eólica, Lointek eta, orain, Haizea Wind.
Hori dela eta, indartu eta handitu egingo da euskal industria eolikoa; Bilboko Portuari dagokionez, berriz, sendotu egingo da proiektuetan duen espezializazioa.