Lehen seihilekoaren behin-behineko itxierako datuen arabera, % 11ko hazkundea izan du aurten Bilboko Portuko trafikoak, hau da, aurreko ekitaldiko epe berean baino 1,7 milioi tona gehiago “mugitu” dira. Bertako trafikoa eta hornidura ez dira sartzen kopuru horretan. 2006az geroztik izan den hazkunderik handiena dugu aurtengoa: 17,6 milioi tonakoa izan da trafikoa, eta igoera aipagarriak izan ditu produktu ontziratu guztien zirkulazioak.
Igoeraren erdia ontziratu gabeko produktu likidoen trafikoak (+ % 10) eragin du, batez ere petrolio gordinarenak eta gasolinarenak. Ontziratu gabeko produktu solidoen trafikoa, berriz, % 18 hazi da, batik bat sulfatoena, hondarrarena, legarrarena eta petrolio-kokearena. % 10 igo da, bestalde, portuari balio erantsirik handiena dakarkion produktuarena, merkantzia orokorrarena, alegia. Atal horren barruan, % 5 igo da merkantzia konbentzionalaren zirkulazioa: produktu siderurgikoena, makineriarena, tresneriarena eta paperarena, besteak beste. Kontainerretako merkantzien trafikoa eta TEU3 kopuruak, berriz, % 13 egin du gora, batez ere produktu kimikoenak, eraikuntzako materialenak eta elikagaienak.
Kopuru absolututan, produktu hauen trafikoa hazi da gehien: petrolio gordina, gasolina, produktu kimikoak, mineralak, bioerregaiak, fuel-olioa, olioak eta koipeak eta petrolio-kokea.
Urtarriletik ekainera, 1.472 itsasontzi porturatu dira (86 gehiago), eta % 7 handiagoa izan da ontzien batez besteko tamaina.
Linea erregularreko bidaiarien kopurua, berriz, 50.503 izan da (% 17 gehiago), eta 42.500 gurutzaontziz iritsi direnena (% 13 gehiago).
Merkatuei dagokienez, herrialde hauetatik inportatzen da produktu gehien: Erresuma Batua, Txina eta Herbehereak; esportatu, berriz, batez ere Erresuma Batura, Irlandara eta Estatu Batuetara.
NEGOZIO-ZIFRA
Negozio-zifra 35,4 miloi euro izan da, iazko epe berekoa baino % 6,6 handiagoa (iazko zifra, 33,2 milioi).
Bilboko Portuaren lehiakortasuna areagotzearren, merkantzia-tasa (T3) % 10 merkeagoa kobratzen du Portuko Agintaritzak uztailaren 5etik, 2018-2022 Plan Estrategikoari jarraikiz.
Bestalde, Estatuko Portuen Organismoaren baliozkotzearen zain dago okupazio-tasaren jaitsiera, Bilboko Portuko zerbitzu-eremuko lursailen eta uren balorazio berriari dagokiona. 2019ko lehen seihilekoan da indarrean sartzekoa tasa berria.
PORTUKO AGINTARITZAREN INBERTSIOAK
Bilboko Portuko Agintaritzak 49,2 milioi euro inbertitu behar ditu 2018an, aurreikuspenen arabera; zenbateko horretatik, 18,8 milioi ekainerako inbertituta zeuden. Halaber, bi proiektu amaitu dira lehen seihilekoan:
- Jarduera logistiko eta industrialetarako nabea. Maiatzean amaitu ziren nabe berria eraikitzeko lanak. 500 m luze da eraikin berria, eta Haizea Windi laga zaio haren emakida. Inbertsioa, berriz, 17,59 milioi eurokoa izan da. Portuko Agintaritzaren inbertsio-planen araberakoak dira eraikuntza hori eta horren erabilera. Ontzi-trafiko handiagoa, baliabideak eta aberastasuna sortzen dituzten proiektu logistiko eta industrialak sustatzea (eolikoak, besteak beste), hori da plan horien helburua.
- Ro-ro arrapala Martxoan amaitu zen Portuko 8. ro-ro arrapala eraikitzeko eta jartzeko lanak, zeinaren gutxieneko karga-ahalmena 250 tonakoa baita. Aurrekontua 2,74 milioi euro da.
Martxan diren proiektuak, berriz, hauek dira:
- Erdiko kai-muturraren lehenengo fasea — Future Proofing Bilbao eta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanak. 2019an amaituko den lehen fase horretan, 334.000 m2-ko azalera hartuko dio itsasoari kai-muturrak, zeinak 1.081 metroko atrakatze-lerroa izango duen, eta 21 metroko sakonera. Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanak ere jasota daude proiektuan. Obraren aurrekontua 74 milioi da. Europako Batzordeak % 20 jarriko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren bidez.
- Udondoko dartsena betetzeko lanak. Erandioko Udondoko dartsena betetzeko lanek 22.700 metro karratuko zabaldegi bat eraikiko dute, kargatze-kaietara sarbidea duten jarduera industrialek leku gehiago izan dezaten. Otsailean hasi ziren obrak, eta 2,7 milioi euroko aurrekontua dute.
- Argiztapen eraginkorragoa instalatzea 1,9 milioi euroko inbertsioa egin du Portuko Agintaritzak portuaren zerbitzu-eremuko kanpoko argiteria LED teknologiadun argi eraginkorrez hornitzeko eta haiek instalatzeko. Argi-proiektuen atariko lanak ari dira egiten orain, eta laster ekingo zaio ekipoak aldatzeari. 2018an zehar egingo da inbertsioa, zeinari esker egungo argi-fakturan % 25 aurreztea aurreikusten den.
- Urbanizazio-lanak eta trenbide hila Arasurren. Ekainean esleitu ziren Arasurreko merkantzia-bazterbidea urbanizatzeko obrak. Hamar hilabete iraungo dute lanek; aurrekontua, berriz, 4,82 milioi eurokoa da. Aurtengo udan amaituko dira, halaber, bazterbide horretan trenbide hil bat eraikitzeko lanak. Aurrekontua 0,91 milioi eurokoa da.
ENPRESA PRIBATUEN INBERTSIOAK
- Offshore instalazioetarako dorre eolikoak eta itsasoko egiturak fabrikatzeko Europako lantegirik handienetako bat inauguratu du Haizea Windek maiatzean. 42,4 milioi eurokoa izan da obraren inbertsioa.
- Kontainer-terminalaren esleipendun den Noatum Container Terminal Bilbaok, berriz, aurtengo lehen hiruhilekoan amaitu ditu bere ate automatikoak martxan jartzeko lanak, zeinen aurrekontua 2,6 milioi eurokoa izan baita. Bestalde, bere tren-terminala handitzeari ere ekin dio enpresa horrek, eta 9,4 milioi euro inbertituko ditu obra horretan 2018an eta 2019an.
- DBA Bilbao Port petrolio-produktuen operadoreak, berriz, 2,3 milioi inbertitu ditu erregaiak biltegiratzeko terminal baten eraikuntzan. Maiatzean hasi zen lanean biltegia.
- ASK Chemicalsek, bestalde, Bilboko Portuko eremu industrialean dituen enpresa-azpiegiturak batzeko lanen bigarren fasean dihardu. Kimika-sektoreko nazioarteko enpresa ezaguna da ASK Chemicals. Inbertsioa bost bat milioi eurokoa izango da, eta 2019an amaituko dira lanak.
- Biltegiratze-, banaketa- eta garraio-lanak egiten dituen Progeco enpresak, berriz, maiatzean amaitu ditu bere instalazioak handitzeko lanak: merkantzia paletizaturako bost mila metro karratuko nabe baten eraikuntza. Inbertsioa: 873.000 euro inguru.
- Consignaciones Toro y Betolazak, bestalde, ekin dio lanari A-3 kaian. Merkantzia orokorraren terminala hara ari da aldatzen enpresa hori. 110.000 metro karratuko azalera du terminalak, eta horietatik 21.600 estalita daude. Inbertsioa: bost milioi euro.
- Cespa Gestión de Residuos, berriz, hondakin industrialak tratatzeko instalazio bat ari da eraikitzen AZ-1 kaian. Inbertsioa 1,4 milioi eurokoa da. Aurten ekingo dio lanari instalazio berriak.
- Ontziratu gabeko produktu solidoetarako —karbonatoa eta sodio bikarbonatoa, batez ere— biltegi bat ari da eraikitzen Saisa Port AZ-1 kaian. Aurrekontua: 1,3 milioi euro.