Ihobe sozietate publikoak antolatu du jardunaldia Portuko Agintaritzaren
laguntzarekin, eta bihar (osteguna) izango da
Herri-lanetako ehun bat adituk agregakin siderurgikoa herri-lanetan erabiltzeak zer aukera ematen dituen aztertuko dute Ekosteguna jardunaldian. Urriaren 6an izango da, Bilboko Portuaren instalazioetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ihobe sozietate publikoak Bilboko Portuko Agintaritzarekin lankidetzan antolatua. Instalazioetan bisita tekniko bat egingo dute parte-hartzaileek, aurrez aurre ikusteko nola erabili duen bigarren mailako material mota hori Bilboko Portuko Agintaritzak Punta Sollanako kai-muturraren eraikuntzan eta harri-lubeten fabrikazioan.
«Hormigoi aurrenahasiak, prefabrikatuak eta morteroak bigarren mailako materialekin: agertoki berri bat Euskadin» da jardunaldiko titulua; bertan azalduko dituzte eraikuntzako eta eraisteko hondakinei eta altzairutegiko zepei balioa emateak duen garrantzia eta abantailak, Euskal Autonomia Erkidegoko «EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana 2020» plangintzan aurreikusitako helburuak betetzeari begira.
Jardunaldian, besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Joseba González, Ingurumen Saileko Hondakin Arriskutsuen Zerbitzuko burua; Miguel Ángel Bermúdez, Sustapen Ministerioko Hormigoiaren Batzorde Iraunkorraren kidea; eta
Iñaki Susaeta, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko Hondakinen Ataleko koordinatzailea. Jardunbide egokiak trukatzeko topaketa horretan, TECNALIA, Ecopavimentos Eguskiza, Hormor, Construcciones Lasuen eta antzeko euskal enpresek ere parte hartuko dute; haiek agregakin siderurgikoaren erabileran duten esperientzia azalduko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoak urtean milioi bat tona hormigoizko agregakin prefabrikatu, mortero (batez ere, igeltserotzatik) eta aurretik nahastutako hormigoi baino gehiago kontsumitzen du, kontsumoaren % 80, hain zuzen ere.