Bilboko Portuko Agintaritzak azaroaren 25ean eta 26an Bruselan egingo diren AIVPren -Hiri eta Portuen Nazioarteko Elkartea- Batzar Nagusian eta Topaketetan parte hartuko du. Jardunaldi horietan, hiri – portuetarako bereziki garrantzitsuak diren gaiak aztertuko dira, hala nola Agenda 2030, klima-aldaketara egokitzea, biodibertsitatea babestea, kalitatezko elikadura, gurutzaldi- eta turismo-jarduerei berriro ekitea, ekonomia urdina eta portu-hirietako berrikuntza-ekosistemak. Halaber, itsas sektorearen energia-trantsizioari eta portu-hirietako energia-beharrei buruz eztabaidatuko da.
Aldi berean, Nagore Ardanza Bilbao PortLabeko koordinatzaileak – Bilboko Portuko Agintaritzak sustatutako berrikuntza-huba – azaroaren 26an, ostiralean ‘Portu-hirietako berrikuntza-ekosistemak: proiektuetatik gauzatzera’ mahaian parte hartuko du. Eztabaidaren moderatzailea Genoako Porto Antikoko Berrikuntza, Garapen eta Jasangarritasuneko zuzendaria izango da, eta Sergio Petre Port Network Authority of the Ionian Sea – Tarantoko Portuko presidentearen; Allan Gray Halifaxeko Portuko presidentea eta CEOren; eta Luc Arnouts Anberesko Portuko Nazioarteko Harremanen eta Networks-en presidenteordearen parte hartzea izango du.
Saioan hizlariek portuko hiriek berrikuntza-hub gisa duten zereginaz, berrikuntzak portuko eraginkortasuna areagotzeko moduez eta, aldi berean, hiriaren/portuaren jasangarritasuna eta giza kapitalaren garapena bultzatzeko moduez hitz egingo dute.
AIVPri buruz
AIVP erakundeak 30 urte daramatza hiri- eta portu-eremuarekin zerikusia duten hainbat eragile biltzen, hiriaren eta portuaren arteko harremana hobetzeko, hiri-
eta portu-garapen jasangarri, arduratsu eta berritzailerako lankidetza sustatuz eta herritarrak integratuz.
Bilboko Portuko Agintaritza AIVPko kide da, eta Port Center by AIVP lan-taldeko kide da. Proiektu horren helburua herritarren, hiriaren eta portuaren arteko topaguneak sortzea da, portuko jardueren ikuspegia, helburuak eta jarduerak jendeari ezagutarazteko.