Bilboko Udalak sustatutako “Bilbao Izan” programaren barruan egin dira bisitak
Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza, Olabarri jauregi ere esaten zaiona, XIX. mende-amaierako altxor arkitektoniko bat da, eta oraindik herritarren interesa pizten jarraitzen du. Maiatzean, eta “Bilbao Izan” programari esker, 1.454 lagunek bisitatu dute eraikin berezi hori, 55 taldetan banatuta. “Bilbao Izan” programa Bilboko Udaleko kultura-arloak sustatu du, Bilboren historia eta ondarea ezagutzera emateko.
Bisita gidatuak maiatzerako bakarrik programatu dira, eta, hasiera batean, asteartetik larunbatera bitartean egitea aurreikusten zen, goizez eta arratsaldez. Arrakasta handia izan dute, ordea, eta, azkenean, astelehenetan ere egin dira bisitak.
Eraikin bereizi hori inguru horretan geratzen diren etxebizitza-eraikin bakanetako bat da, eta atentzioa ematen du oraindik mantentzen dituen jatorrizko elementuengatik. Ordu eta erdiko ibilbidean, eraikinaren testuinguru historikoa azaltzen da, haren kokapena eta diseinua ulertzeko. Horrez gain, eraikinaren jatorriaren xehetasunak eman dira bisitan, han bizi zen Olabarri familiaren historia kontatu da, eta azaldu da nola zegoen zatituta etxe-erabilerarako. Gela horiek, lehen jangela eta billar-gela izandakoak, besteak beste, orain Kontseiluaren aretoa eta bulegoak dira.
Mende luzeko historia
XIX. mendearen bigarren erdian, Campo Volantín pasealekuaren inguru dotorea auzo ospetsu egin zen, eta lorategiz inguratutako jauregitxoak eta jauretxeak eraiki ziren. Olabarritarren hotelak hiriaren urrezko aroaren bikaintasuna erakusten du. XIX. mende-amaierako eta XX. mende-hasierako Bilboko burgesen etxe-motaren adibidea da, eta Julian Zubizarreta arkitektoaren obra adierazgarrienetako bat. XIX. mende-amaierako modako joera arkitektonikoen lekukoa da, 1894. urtean eraikia José María Olabarri garai hartako negozio-gizon garrantzitsuaren bizitoki izan zedin. 1953. urtez geroztik, higiezina Bilboko Portuko Agintaritzarena da.