2017an onetsitako proiektu berriak direla medio, % 83 inguruko okupazio-mailara iritsi da Bilboko portua. Enpresa pribatuek, berriz, 70 milioi inguruko inbertsioak egin dituzte zenbait proiektu estrategikotan.
Haizea Wind
Haizea Windek, berriz, 37,4 milioi euro inbertituko ditu ekipamendu industrialean eta itsasoko dorre eolikoak eta beste osagai batzuk fabrikatu eta esportatzeko lantegia martxan jartzen. Zuzeneko 250-300 lanpostu sortuko ditu lantegi berriak, jarduera maximoko aldietan. 2018ko lehen hiruhilekoan amaituko dira lantegiaren eraikuntza-lanak, eta bigarren hiruhilekoan ekingo zaio lehen atalak fabrikatzeari.
Noatum Container
Kontainer-terminalaren esleipendunak, Noatum Container Terminal Bilbao, azaroan inauguratu du kamioien sarrera automatizatuko sistema; orain, berriz, tren-terminala handitzeari ekin dio. Guztira, lau milioi euroko inbertsioa egingo da bi proiektu horietan. Ekipamenduaren berrikuntzarako, bestalde, beste sei milioiko inbertsioa egingo da. Beraz, 2016-2036 eperako onartutako 34 milioi euroetatik, 2016tik 2018ra bitartean ari dira erabiltzen 10 bat milioi.
ASK Chemicals.
Portuko eremu industrialean dituen enpresa-azpiegiturak batzeko lanen lehen faseari ekin dio azaroan konpainia horrek, zeina erreferentziakoa baita, mundu osoan, kimika-sektorean. Eremu horretara eramango du ekoizpena konpainiak. Lehenbiziko fasean, 7 milioi euroko inbertsioa egin da; dagoneko martxan den bigarren fasean, berriz, hiru milioi eurokoa, gutxi asko, izango da inbertsioa.
DBA Bilbao Port
Instalazio berria egokitzen ari da petrolio-produktuen operadore hori, portuko eremu industrialean. 2018an izango da martxan instalazioa. Inbertsioa 2,3 milioi eurokoa da.
Txeguru Servicios
Txeguruk aurreko seihilekoan bukatu ditu 689.000 metro karratuko azalera batean biltegiratze-zentro logistiko bat eraikitzeko lanak.
Gamesa Eólica
74.000 metro karratuko emakida eskuratu du enpresa horrek, industria eolikoaren arloko merkantzia handiak kargatu, deskargatu eta biltzeko. Lan txiki batzuk egingo ditu; hala nola kontzesionarioa ixtea, sistema modularreko bulegoak kokatzea eta aurrez instalatzeko pabilioia muntatzea.
Progeco
Zortzi kaiko biltegiratze-nabe bat ari da eraikitzen. Inbertsioa, 873.000 euro ingurukoa.
C.Toro y Betolaza
A-3 kaira aldatuko du Bizkaia Kaiko merkantzia orokorreko terminala. Horretarako, 21.600 m2-ko biltegi bat eraikiko du, 5 milioi euroko inbertsioa eginda.
Cespa Gestión de Residuos
Hondakin industrialak tratatzeko instalazio bat eraikiko du Cespak zabalguneko AZ-1 kaian. Inbertsioa 1,4 milioi eurokoa izango da, eta 2018ko ekitaldian ekingo dio lanari.
Saisa Port
Ontziratu gabeko produktu solidoetarako —karbonatoa eta sodio bikarbonatoa, batez ere— biltegi bat ari da eraikitzen AZ-1 kaian. Inbertsioa 1,3 milioi eurokoa izango da. Zazpi hilabeteko epea dago obrak egiteko.