Igande honetan, apirilak 28, iritsiko da Bilboko portura Le Boreal gurutzaontzia, Euskadin aurten sartuko den lehena.
Du Ponant enpresa frantsesarena da Le Boreal; 142 metro luze da, eta 264 bidaiari eta 139 tripulatzaile hartzen ditu. Marsellan uretaratu zuten 2010ean, sei kubierta ditu, eta yate handi baten itxura ematen dion diseinu berritzaile nabarmena du.
Gurutzaontzi moderno hori 17:30ean porturatuko da, Santandertik Frantziako Belle Ile portura egingo duen ibilbidean. Itsasontziak denbora gutxi egingo du Euskadin, baina ez bidaiariek; izan ere, gehienak lurrez iritsiko dira Santandertik, eguna aprobetxatu eta ibilaldiak egiteko. Bilbo eta Guggenheim Museoa da bisita eskatuena.
46 gurutzaontzi
Bilboko portuko gurutzaontzi-terminalean 46 gurutzaontzi sartuko direla aurreikusten da, eta zenbaki hori positiboa da Bilboko Portuko Agintaritzaren arduradunen iritziz; izan ere, bizi dugun egoera ekonomikoa kaxkarra izan arren, kopuru hori 2012an erregistratutako 50 geldialditara inguratzen da.
Aurtengo bigarren gurutzaontzia, Pullmantur enpresako Empress ontzia, maiatzaren 4an iritsiko da. Larunbatean, Bilbo, porturatze-portu izateaz gain, bidaiariak ontziratzeko portua ere izango da.