Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak eta Portuko Agintaritzako presidenteak Zeanuri eta Bedia arteko hamaika geldialdi teknikoko eremuak bisitatu dituzte, bi erakundeen arteko akordio bati esker eraiki ahal izan direnak.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Imanol Pradalesek, eta Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak, Ricardo Barkalak, N-240 errepidean, Zeanuri eta Bedia artean, Bilborako noranzkoan egin diren hamaika baztergune berriak ezagutzera hurbildu dira gaur goizean. Baztergune hauek martxan daude urriaren 11tik.
Geldialdi teknikoak egiteko hamaika gune horiek trafiko astun handia jasaten duen errepide honen funtzionaltasuna hobetzeko bi erakundeen arteko lankidetza-akordio bati esker eraiki ahal izan dira. Batez besteko intentsitatea egunean 5.000 ibilgailukoa da Barazar eta Zeanuri arteko tartean, eta horietatik ibilgailu astunak % 33 dira, eta 15.700 ibilgailukoa Lemoa eta Usansolo arteko tartean, eta kasu honetan ibilgailu astunak % 13 dira. Errepide-tartearen arabera egunean 2.100 eta 3.500 kamioi artean pasatzen dira. Gainera, N-240 errepidea garraio bereziek asko erabiltzen duten errepidea da, eta mota horretako piezak, bereziki eolikoak, egiten dituzten enpresen eta Bilboko Portuaren arteko ibilbide nagusia da.
Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, azpimarratu du bide-segurtasunaren eta lehiakortasunaren ikuspegitik oso garrantzitsua dela errepide hau egokitzea. “Bizkaiak komunikazio onak behar ditu lehiakorra izateko, eta N-240 errepideak adibide ona eskaintzen digu arazo konplexuei irtenbide zehatzak nola eman azaltzeko. Gainera, elkarlanetik egin dugu. Mesetatik enpresetara eta Bizkaiko garraio-terminal handietara doazen kamioiek lehentasunez erabiltzen duten errepidea da. Batez ere Portura, baina baita aireportura eta salgaien garraioaren logistika-eremuetara ere. Hemendik aurrera garraio bereziek 11 baztergune hauek dituzte pilaketak eta ilarak sortzen dituztenean gelditzeko, eta nahitaez egin beharko dute. Ez diogu soilik bideari arintasun handiagoa ematen, baita segurtasuna erabiltzaile guztiei ere”, azaldu du diputatuak.
Ricardo Barkalaren, Bilboko Portuko Agintaritzako presidentearen ustez, “Foru Aldundia eta Portuko Agintaritza bat gatoz ideia batekin, Bilboko Portua lehiakorragoa bada, Bizkaiko ekonomiak horren onurak igarriko dituela, eta, horregatik, elkarrekin egiten dugu lan enpresa esportatzaile eta inportatzaileei mesede egingo dieten hobekuntzetan. Enpresa horien artean pieza
berezien fabrikatzaileak daude, adibidez osagai eolikoak, deskarbonizazio-estrategian funtsezkoak diren goi mailako teknologiako elementuak direnak, eta Bilboko Portuan komunitate logistikoa dute munduko edozein lekutara ontziratzeko prest”.
Barkalak nabarmendu duenez, “garraio berezi horietan espezializatutako Portua gara dagoeneko, baina, Aldundiarekin batera, hobekuntza handia egin dugu edozein tamainako, pisutako edo luzerako piezak ontziratu arte ibilgailuek egin behar duten ibilbidearen puntu konplexu batean. Barazarko errepidea handicap bat zen garraiolarientzat eta ibilbidea oztopatzen zutela ikusten zuten ibilgailu pribatuentzat”. Horregatik, Portuko Agintaritzak inbertsio-ahalegin handia egin du hobekuntza hau gauzatzeko, “Portuaren lehiakortasunean eta, aldi berean, inguruko bizilagunen edo errepide horretatik egunero ibiltzen diren herritarren bizi-kalitatean eragina izango duena”.
Inbertsioa 2.654.000 eurokoa izan da. Bilboko Portuko Agintaritzak bere gain hartu du eraikuntza-proiektua finantzatzeko ardura, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beharrezko lurzoruak eskuragarri jarri, kontratua lizitatu eta obrak egiteko ardura izan du.
Baztergune hauek behar bezala seinaleztatuta egongo dira eta honako kilometro-puntu hauetan kokatzen dira: 27+970, 29+850, 31+500, 32+580, 35+230, 37+530, 39+000, 40+960, 44+345, 47+920 eta 53+105. Geldialdi teknikoko eremu bakoitzaren ezaugarriak eta neurriak kokapen bakoitzaren orografiara eta lursailaren erabilgarritasunera egokituta egongo dira. Hala, zabalera 5,5 metrokoa izango da gutxienez eta 13 metrokoa gehienez, eta laburrenak 107 metro eta luzeenak 243 metro ditu.