Indiako zenbait enpresari emakumezko etorri dira bisitari Bilboko portura, honen azpiegituren eta inportatzaileei zein esportatzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuen berri jakitera. Indiako Merkataritza eta Industria Ganberako Federazioko (FICCI) ordezkariak ziren bisitarietako batzuk, zehazkiago esanda, enpresaburu emakumezkoen elkartekoak (FICCI Ladies Organization – FLO).
Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak eta eragiketa, arlo komertzial eta logistikaren zuzendari Luis Gabiolak lagundu diete enpresariei portuko instalazio komertzial eta industrialetara egin duten bisitaldian. Iaz, 200.000 tona karga lehor jaso zituen Bilboko portuak Indiakoetatik, edo bidali zituen haietara. Bilboko portuaren hamar merkatu nagusietako bat da India merkantzia orokor konbentzionalari dagokionez; besteak beste, ArcelorMittal eta Tata Steel enpresentzat lan egiten du. Bestalde, Bilboko Portuko Agintaritzaren plan estrategikoari jarraikiz, Asian negozio-aukera berriak bilatzea da BPAren eginkizunetako bat. Munduko bigarren herrialde populatuena da India, eta hazkunde ekonomiko azkarrena duena.
Topaketa batean ere izan dira, Bilbon, Indiako enpresariok, eta han azaldu dituzte beren esperientziak eta enpresaz, berrikuntzaz, politikaz, justiziaz eta beren herriko gizarteaz duten ikuspegia. Espainia-India Kontseilua Fundazioak (FCEI) antolatu du topaketa, erakunde hauen laguntzarekin: Asiatic Research Institute, Deustuko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala.