Valentziako Generalitateko eta Portu Agintaritzako presidenteak, Ximo Puig eta Aurelio Martínez, Bilboko Portuan izan dira bisitari, erakunde horretako presidente Asier Atutxarekin batera. Bisitaldiaren helburua: Bilboko Portuaren azpiegiturak eta garapen-ereduak ikustea, batez ere portu industrialaren alorreko ezaugarriak.
Intermodalitatean, logistikan eta ardura sozial korporatiboan elkarlanean jarduteko protokolo bat ere sinatu dute bi portuetako presidenteek.
Intermodalitateari dagokionez, hau erabaki dute: bi portuen arteko garraio intermodal eta multimodalaren plangintza, kudeaketa eta garapenari buruzko esperientziak eta ezagutzak trukatzea; tren bidezko konexioak sortzeko eta garatzeko proiektuak eta inbertsioak bultzatzea, batez ere Atlantikoko eta Mediterraneoko korridoreen ingurukoak, zerbitzu intermodalen eskaintza integral bat eratu eta bi hinterlanden arteko konexioa hobetzeko, eta elkarrekin garapen logistikoko zer ekimen bultza ditzaketen aztertzea, hirugarren batzuen partaidetza ere barne dela, bi portu horien garraio-kateak hobetzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko.
Ardura sozial korporatiboaren alorrean, berriz, erabaki hauek hartu dituzte: laneko lekuetan osasuna zaintzeko jardunbide egokien ziurtagiriari eustea; portuetako langileentzat osasunari
buruzko dibulgazio- eta zientzia-jardunaldiak antolatzeko lankidetza garatzea, eta laneko arriskuen prebentzioari eta enpresa osasungarri bihurtzeko moduari buruzko know-howa eta esperientziak trukatzea.
Helburu berak
Bestalde, bi portu horietako agintaritzen arteko harremanak oso onak direla erakutsi du topaketak, eta helburu bera dutela biek: lehiakortasuna areagotzea, zerbitzua hobea emateko bakoitzaren eragin-eremuko (hinterland) ekonomia-sektoreari.
Bai Aurelio Martínezek, bai Asier Atutxak azaldu dutenez, intermodalitatea eta logistika sustatu beharra dago portuen lehiakortasuna hobetzeko eta, hartara, garraio-kateen eraginkortasuna areagotzeko eta portuen eragin-eremua hedatzeko. Dagoeneko hobekuntza-estrategia horretan murgildurik dabiltza Bilbo eta Valentzia, eta zenbait ekimen ari dira bultzatzen eremu logistikoetan eta portu lehorretan.
Ardura sozial korporatiboko politikari dagokionez, berriz, laneko arriskuen prebentzio-estrategiak sustatzen jarraitzea erabaki dute, eta langileen osasuna eta ongizatea hobetzen jarraitzea. Hain zuzen ere, Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalak (INSHT) banatzen duen “Jardunbide egokien ziurtagiria” jaso berria dute bi portu-agintaritza horiek.