Gustura itzuli da Estatu Batuetatik, non beste bi gurutzaontziren etorrera hitzartu baitu ekitaldi honetarako; orotara, 48 etortzea espero da
Gurutzaontzien itsas estazio berria aurkeztu dute Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bilbao Turismok Seatrade Cruise Global azokan, gurutzaontzien alorrean mundu osoan egiten den ospetsuenean alegia. Martxoaren 13tik 16ra egin da azoka, Miamin eta Fort Lauderdalen (Estatu Batuak).
Martxoaren amaieran jarriko dute martxan estazio berria, zeinaren diseinua, materialak eta ezaugarriak biziki txalotu baitituzte ontzi-konpainiek eta tour-operadoreek: “Beste portu batzuetakoaren parekoa da azpiegitura, eta, zalantzarik gabe, aitzindari da Europako terminalen artean”.
Bestalde, aukera eman du azokak konpainietako ordezkariekin bilera pribatuak egin eta Bilboko portuak ontziei eta bidaiariei eskaintzen dizkien zerbitzuen berri emateko, eta Euskadi turismo-leku gisa aurkezteko. Izan ere, erakargarria da Euskadiren eskaintza gastronomia, kultura eta paisaiaren aldetik, eguzkiaz eta hondartzaz landa beste zerbaiten bila dabilen sektore horrentzat. Eta aurten Bilbora beste bi gurutzaontzi etortzea hitzartu du Portuko Agintaritzak.
58 gurutzaontziren etorrera eta lau ontziratze
P&O konpainiako Britannia gurutzaontzia izango da aurten Bilbora iritsiko den lehena. Martxoaren 29an da heltzekoa. Hor hasiko da, honenbestez, aurtengo ekitaldia, non emaitza onak espero diren ontzien eskala- eta konpainia-kopuruari dagokienez.
2017an Bilbora iristen den gurutzaontzi-kopurua % 14 igotzea espero da, AEBko azokan hitzartutako azken biak kontuan hartuta; beraz, 58 gurutzaontzi iritsiko dira aurten, kopurua aldatzea gerta badaiteke ere.
Hiru gurutzaontzitan itsasoratzeko aukera izango da aurten Bilbon, lau data desberdinetan: Hapag Lloyd konpainiako Europa 2n, abuztuaren 1ean; Oceania Cruiseseko Sirenan, abuztuaren 8an; Pullmanturreko Monarchen, irailaren 16an; eta Hapag Lloyd konpainiako Europan, urriaren 25an.
Horrez gain, Cruise & Maritime Voyages konpainia britainiarrak lehenbizikoz bidaliko du ontzirik Bilboko Portura: lau eskala, guztira.
Eta AEBko luxuzko zenbait konpainiatako ontziak Bilbon izango ditugu aurten ere: Azamara, Crystal, Oceania, Princess, Seabourn eta Silver Cruises. Jakina, europar konpainietakoak ere hemen izango ditugu: Alemaniako TUI eta Hapag Lloyd konpainietako ontziak, eta Britainia Handiko P&O, Fred Olsen eta Thomson Cruisesekoak.