Itsasoa energiaren eta beste baliabide batzuen iturri agortezina da, baina enpresentzat erronka handia da itsas ingurunean aritzea, oso konplexua baita. Euskal enpresek aukera izan dute, 2018tik, materialen eta soluzioen saiakuntzak itsas zabaleko ingurune erreal batean egiteko laborategi bat erabiltzeko. Laborategi hori TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak garatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta EAEko Energia Klusterraren babesarekin.
Itsas zabaleko laborategi hori, zeinak HarshLab izena baitu eta Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) plataforman kokatua baitago, arrakastatsua izan da, eta, orain, beste laborategi bat garatu du ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak: Europan bakarra da, bestea baino handiagoa eta konektatuagoa, eta prestazio eta ahalmen hobeak ditu itsas zabaleko industrien beharrei erantzuteko saiakuntzak eta I+Gko jarduerak jarduerak egiteko, lehiakortasuna hobetu dezaten. Aukera emango du, adibidez, ekipamenduen saiakuntzak laborategian bertan martxan daudela egiteko eta laginak itsas hondora jaisteko.
Gaur goizean aurkeztu da laborategia Bilboko Portuan, eta ekitaldian izan dira Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko burua, Alex Belaustegui TECNALIAko lehendakaria, Jesús Valero TECNALIAko CEOa, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, José Ignacio Hormaeche Energiaren Klusterreko zuzendaria, eta Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakaria.
Laborategi konektatua
2018an lehen HarshLab laborategia martxan jarri izana funtsezko aurrerapausoa izan zen Europako offshore edo itsas zabaleko industriarako; ordutik hona, 20 enpresari baino gehiagori eman die zerbitzua, material berriekin eta itsas inguruneko foulingaren, zahartzearen eta korrosioaren aurkako soluzioekin lotutako 500 probetatik gora saiatu dira (foulinga: itsasoan urpean dauden edo itsasoko ura ukitzen duten elementuetan material solidoa itsastea eta pilatzea, hala nola algak, muskuiluak eta lapak).
Bertsio berri hau aste gutxi barru itsasoratuko da, eta, aurreko bertsioak bezala, itsas zabaleko industriara bideratutako material eta garapen berrien saiakuntzak ingurune erreal eta kondizio kontrolatuetan egiteko aukera emango du. Beste berrikuntza hauek ere izango ditu: sare elektrikora eta komunikazio-sarera konektatua egongo da BiMEPen urpeko sarera konektatuko duen kable dinamiko baten bidez; hala, datuak bildu eta analizatu ahal izango ditu.
Konexio horri esker, martxan dauden ekipamenduen saiakuntzak egin ahal izango dira HarshLaben, eta errazago mugitu ahal izango ditu zamak hainbat sistemaren bidez; esaterako, garabi hidraulikoa, kanpoko besoa eta barneko polipastoak.
Laborategi berriak 8,5 m-ko diametroa du, eta 7 m garai da; horrek saiakuntza-ahalmen handiagoa ematen dio. Bestalde, bertsio berri honen ezaugarri berrituei esker, ainguratze-elementuetan eta itsas hondoan ere egin ahal izango dira saiakuntzak (65 m-ko sakonerara bitarte). Halaber, badu bere estazio meteorologikoa, baita ROV (remotely operated vehicle) urpekari bat ere, ikuskapenak urrutitik egiteko.
Laborategi honek, laburbilduz, materialei, osagaiei eta ekipamenduei zer gertatzen zaien aztertzen du, urpean, ingurune atmosferikoan (uraren gainetik), zipristingunean (olatua lehertzen den ingurunean) eta itsas hondoan daudenean. Informazio hori laborategietako saiakuntzen bidez lortzen zen orain arte, baina emaitzak ez ziren beti estrapolagarriak itsasoan daudenean benetan gertatzen dena jakiteko. Laborategi honekin, enpresek era fidagarrian iragarri ahal izango dute zer portaera izango duten sistemek itsas ingurunean, itsas zabaleko industriara bideratutako soluzio eta teknologia berriak ikertzeko eta garatzeko; horrek eragina du sistema horien erabilera-segurtasunean, eta haien balio-bizitza luzatzen du.