Europako Legebiltzarrak Bruselan eginiko mintegi batean Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak iragarri duenez, Bilboko portuaren helburua hau da: “Etorkizuneko ontzi autonomoak hartzeko ondoen hornitutako Kantauriko portua izatea”.
2000. urtetik Bilboko portuan lanean ari direla esan du Atutxak, azpiegitura ez ezik infoegitura ere egiteko, eta logistika-kate osoa aintzat hartzen duen ikuspegi batetik kudeatzeko portua, hots, smart-port edo “portu adimendun” bat egiteko, nolabait. “Honenbestez, kultura digitala sortuz joan da portuan; horri esker, itsas garraioan estrategia berriak sortu ahala, hala nola nabigazio autonomoa, ontzi-mota horiek hartzeko moduan izango gara”.
Prozesu horretan Europako hainbat programak esku hartzen dutela adierazi du Atutxak. Nabigazio autonomorako legeria espezifiko bat sortzea ere beharrezkoa dela esan du, eta itsasoko garraioa beste garraio-mota batzuekin lotzeko teknologia horiek eskaintzen dituzten aukeren alde egin du. Bilboren abantailak berretsi ditu Atutxak: “Europan lehentasuna duen ardatzetako batean, Ardatz Atlantikoan, dago, izan ere”.
Gaur egun, teknikoki posible da urrutiko kontrol bidez edo neurri batean edo erabat autonomo dabiltzan itsasontziak martxan jartzea. Sistema hori erabilita, nabarmen gutxitu daiteke eragiketen kostua, emisioen murrizketa bizkortu, eta Europar Batasuneko ekonomiaren lehiakortasuna areagotu, logistikaren kostuak jaitsi egingo lirateke eta.
ALDE taldearen lehendakariorde eta Europako Parlamentuko garraio-batzordeko kide den Izaskun Bilbao Barandicak antolatutako mintegi batean hitz egin du Itsas Portuko lehendakariak. Hau zuen helburu ekimen horrek: iritziak eta esperientziak jasotzea, datozen hilabeteetan EBko erakundeek gai horri ekiteko abiaraziko dituzten lege-eginkizunak prestatzeko.
Violeta Bulc garraio-komisarioak hitz egin du amaiera-ekitaldian, eta esan du Europar Batasunak gidatu behar duela aldaketa-prozesu hori. Beste hau ere adierazi du: “Aldaketari aurrea hartuz gero, aitzindari bihurtuko du Europa teknologian ez ezik, baita enpresa- eta gizarte-ereduetan ere. Nik uste dut gaitasun handia dagoela itsas garraioa automatizatzeko, baina aldaketaren ontzira guztiak ekarri behar ditugu, eta, bereziki, itsasoko jendea. Funtsezkoa da hori nabigazioa etorkizuneko garraio-sistema multimodal integratuan kokatzeko”.
Izaskun Bilbao euskal eurodiputatuak gogorarazi du Europako garraioaren liburu zuriak jasotzen duela zer garrantzi duten
teknologiak eta berrikuntzak “nazioarteko merkatuan Europako garraio-sektorearen lehiakortasunari eusteko eta alor horretako aitzindari bihurtzeko”. Beste hau ere nabarmendu du: “Ontzi-sektorearen helburuetatik hurbilago jartzen gaituzte gaur Bruselan azaldutako esperientziek. Gogoan izan sektore horrek garraiatzen duela EBtik kanpoko merkantzien % 90 eta barrukoen % 40. Teknologiari esker, propultsatzaile garbiagoak dituzten ontziak egin daitezke, ingurunearekin eta gainerako garraio-bideekin estu lotuak, urrutiko agintez edo pilotatze-sistema autonomoz gobernatuak. Eragiketa-kostuak % 90 jaits daitezke ontzi horiek erabilita, eta ekarpen handia egin dakioke ingurumenaren karbonogabetzeari”.
Bilbao Barandicak adierazi duenez, horrek guztiak ekarriko duen logistika-kostuen murrizketak handitu egingo du Europako ekonomia osoaren lehiakortasuna, eta aukera berriak ekarriko dizkie ontzigintzari eta beste sektore batzuei, non jarduera, negozio, lanbide eta enplegu berriak sortuko baitira. “Parlamentari garen aldetik, prest egon behar dugu teknologiaren erabilera adimentsua eta humanistikoa dakarten abantailen alde egiteko, guri dagozkigun eginkizunetan: legeak eta arauak ezartzea, eta gizarte-, teknika- eta segurtasun-estandarrak finkatzea.
ESPO (European Port House) erakundeko idazkari nagusi Isabelle Ryckbostek, berriz, teknologiaren aldeko apustu horretan portuek duten garrantzia aipatu du. “Portuetarako aktibo handia izan daitezke ontzi autonomoak, baldin eta segurtasun-, eraginkortasun- eta jasangarritasun-mailak hobetzen badituzte. Komeni da argitzea, bestalde, garraio autonomoak ez duela esan nahi, ezinbestean, piloturik gabeko ontziak erabiliko direla. Lurretik lan batzuk automatizatu edo kudeatu badaitezke, beste eginkizun garrantzitsu batzuei ekiteko moduan izango da tripulazioa; adibidez, segurtasunari. Funtsezkoa da portuen eta itsas konpainien arteko elkarrizketa, elkarrekin egin dezaten aurrera eta ontzi-lur konexioa itsasontzi horietara egoki dadin”.