Ekainaren 1ean zabalduko da epea garraiolariek alta eman dezaten Bilboko Portuko Agintaritzaren webgunean (www.bilbaoport.eus), eta, hala, portuko barrutira sartzeko aurreabisu-programa erabiltzeagatik eta Bilboko porturako joan-etorriak Metropoli Hegoaldeko Saihesbidearen bidez egiteagatik ematen diren pizgarriak jaso ahal izan ditzaten.
Bilboko Portuko Agintaritzak eta Interbiak (foru-sozietate publikoa, Bizkaiko Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailari atxikia) sinatutako akordioaren emaitza dira pizgarri horiek. Pizgarri-programaren sorburua Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteak (ATAP) egindako proposamen bat da, eta orain gauzatu da, ontzien eta merkantzien kudeaketa eraginkorragoa egiteko e-puertobilbao plataforma elektronikoaren bitartez zerbitzu telematikoak garatu direnean, eta kamioien sarrera automatikoko sistema erabiltzen hasi denean (kontainerren terminalean, lehenbizi). Horri esker, portura doazen ibilgailu astunen sarrera eta iragaitea bizkorragoa, seguruagoa, merkeagoa eta jasangarriagoa izango da, eta Portuko lurreko garraioaren intermodalitatea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetuko da.
Horrez gain, hitzarmen horri esker, konpondu egingo dira portu-barrutira sartzeko ilarek eragiten dituzten arazoak, bai eta tona askoko ibilgailu astunen porturako joan-etorrietako trafiko-intentsitate handiak erabilera libre eta doako foru-sareko errepide konbentzionaletan sortzen dituenak ere.
Portuko Agintaritzak, Lurreko Garraioaren Lehiakortasunerako Programaren barnean, urtean 100.000 euro jarriko ditu, eskatutako baldintzak betetzen dituzten ibilgailu astunei pizgarria aplikatzeko. Interbiakek, berriz, jasotzen diren datuak kontrolatzeko eta baliozkotzeko aplikazio informatikoa egingo du, eta Portuko Agintaritzaren esku jarriko du sortzen den fitxategia, hark pizgarria ordaintzeko erabil dezan.
Baldintza orokor hauek bete behar dituzte pizgarriaz baliatu nahi duten ibilgailu astunen titularrek:
- Alta eman, eskatzaile gisara, Bilboko Portuko Agintaritzaren webgunearen bidez (www.bilbaoport.eus), ekainaren 1etik aurrera.
- Portuko plataformako aurreabisu-zerbitzua erabili (e-puertobilbao.com).
- Metropoli Hegoaldeko Saihesbidetik sartu Bilboko portura, edo handik irten, indarreko tarifa ofizialaren zenbateko osoa ordainduz Interbiaki.
- Ordainketa hori egiteko, Interbiak Bizkaiko Hegoaldeko Akzesibilitateak homologatutako teleordainketa-gailua- edo sistema erabili (OBE); hartara, kamioiaren matrikula ezagutu egingo dute e-puertobilbao plataformarekin konektatutako ekipamenduek.
Izen-ematea ekainean hasiko da, bidaiak ekainaren 30ean hasiko dira zenbatzen, eta pizgarriak 2019ko urtarrilaren 31n ordainduko dira. Baldintza horiek betetzen dituzten erabiltzaileen artean banatuko da urteko diru-hornidura, joan-etorrien arabera hainbanatuta, urteko ekitaldiko portuan eginiko sarrera-irteera guztiak zenbatu ondoren.