Kantabriako Unibertsitateko Meatze eta Energia Ingeniaritzako Eskola Politeknikoko bigarren eta hirugarren ikasturteetako hogei bat ikasle inguratu dira gaur Bilboko Portura, erdiko kai-muturraren obren lehen fasea eta Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanak ikustera.
Kai berrian egiten ari diren obrak eta dike flotatzailearenak (kaxoitegia) ikusi dituzte ikasleek, bai eta hegala egonkortzeko dagoeneko eginda dauden beheko plataformak ere.
Lazko ekainean esleitu zizkion Bilboko Portuko agintaritzak, 79 milioi euroan, erdiko kai-muturraren obrak eta Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanak Trabajos y Obras (SATO), Construcciones Adolfo Sobrino, S.A., Exbasa Obras y Servicios, S.L. eta Construcciones Viuda de Sáinz S.A enpresek osatutako ABEEari. Europako Batzordeak ipintzen du esleipenaren zenbatekoaren % 20, Connecting Europe Facility (CEF) programaren bitartez; gainerakoa, berriz, Portuko Agintaritzaren funts propioekin ordainduko da. Irailean hasi ziren obrak, eta 39 hilabeteko epea dago haiek egiteko.
Erdiko kai-muturrean egiten ari diren lanak
Aurtengo martxotik ari dira eraikitzen erdiko kai-muturraren lehen faseko azalera mugatzeko hormigoizko 22 blokeak. Kai berria egongo den lekutik metro gutxira dago atrakatuta kaxoitegia, bloke horiek egiten ari diren egitura, alegia. Aurtengo urte-amaierarako amaituko dira lanak.
Hiru kaxoi ainguratu dituzte orain arte, eta aste honetan bertan ainguratuko dute laugarrena; bosgarrena, berriz, egiten hasiak dira jada. Hogeita lau metro altu, 17 metro zabal eta 55 metro luze da kaxoi bakoitza, hau da, zortzi altuera eta solairu bakoitzean 75 metro karratu dituen etxebizitza-bloke baten parekoa.
Harri-lubeta eraikitzeko lanak, berriz, martxan onean doaz
aurrera. Maiatzean dira amaitzekoak lan horiek; irailean, berriz, haiek bermatzeko berdintze-lanak bukatuko dira.
Lehen fase horretan, itsasoari 334.000 m2-ko azalera hartuko dion kai bat egingo da. 1.081 metroko atrakatze-lerroa izango du kaiak, eta 21 metroko sakonera. Lanak amaitzean, 600.000 m2-ko azalera izango du kaiak; haren erdia baino gehixeago, obra honen bidez eginak.
Harrobia egonkortzeko lanak
Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanei dagokienez, berriz, ingurua “orraztuz” ari da egiten haren saneamendua, goiko kotetatik beherainokoetara, kontrolpeko leherketa txikiak eta bestelako obra osagarri batzuk eginez.
Bestalde, duela hilabete batzuk amaitu dira instalazio osagarriak egiteko lanak: 200 m-ko tunela eta 170 m-ko putzua goialdean. Instalazio horiez baliatuta kenduko dira fronteen egonkortze-lanetatik erauzitako materialak, goiko kotetatik harrobiaren oinera. Apirilak 30az geroztik, berriz, leherketak ari dira egiten aire zabalean.