EAEko enpresetako 150 lagun izan dira, eta lehen eskutik ezagutu dituzte zenbait erakundetan —esaterako, Iberdrolan, Guggenheim Bilbao Museoan, IMQn eta Bilboko Portuko Agintaritzan— egin diren proiekturik berritzaileenak.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakaria “Lantokietan osasuna prebenitzea, zaintzea eta sustatzea. Laneko wellnessa helburu” jardunaldiaren hasiera-ekitaldian izan dira. Bilboko Portuko Agintaritzak eta Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) elkarrekin antolatu dute jardunaldia.
150 enpresa-ordezkari izan dira jardunaldian, gehienak medikuntzaren eta osasunaren alorreko arduradunak, eta Euskadiko Down Sindromearen Fundazioko kideek kolaboratu dute, gonbidatuak artatzen.
Besteak beste, lanean osasuna sustatzeko proiektu berritzaile batzuk aurkeztu dira, hala nola erakunde hauenak: Iberdrola, Guggenheim Bilbao Museoa, IMQ eta Portuko Agintaritza.
Erakundeok “osasuna ulertzeko —ongizatea, egoera fisiko ona eta zoriontasuna barne hartuz— modu proaktibo baterako aldaketa bizi dugu gaur egun. Lan-eremura ere iritsi da paradigma berri hori, eta, horregatik, laneko arriskuen prebentziotik harago joan behar dugu, langileen eta haien familien ongizatea bilatzeko ahaleginean. Jardunaldi honetan, paradigma hori helburu duten osasun-estrategien berri emango da”.
Portu Osasuntsua
Bilboko Portuko Agintaritzak berak (270 langile ditu) martxan jarri duen proiektu baten berri eman da, esate baterako.
Laneko arriskuen prebentzioa urte askoan landu eta gero, prebentzio-kultura erakundean?? erabat integratua izanik eta arriskuen aurrean babes eraginkorra bermatzen duen kudeaketa-sistema bat izanik, erabaki zen unea zela urrats bat aurrera egin eta OSASUNAREN SUSTAPENAREN bidean aurrera egiteko.
Portuko Agintaritzak urteak daramatza gaur egun osasunaren sustapentzat jotzen diren jarduerak garatuz, baina 2014an, Luxenburgoko Adierazpenari atxiki zitzaion urtean, kontzienteki konpromisoa hartu zuen sustapen horren oinarrizko printzipioak Bilboko Portuaren kudeaketa integralean integratzeko.
Horren ondorioz, PORTU OSASUNTSUA asmo handiko proiektua sortu zen, eta hark barnean ditu langileen ongizate fisiko, mental eta soziokulturala babestuko eta sustatuko duen lan-eremu bat sortzeko ekintzak, programak, kanpainak eta estrategiak, helburu hauek lortzeko:
• Lan-istripuak desagertzea (bi urte jarraian lan-istripurik gabe).
• Morbilitatea murriztea.
• Laneko ingurune osasungarri bat sortzea.
• Lehiakortasuna hobetzea.
• Langileak motibatzea
• Komunitatea hobetzen, eta, azken batean, herria eraikitzen, laguntzea.
Erakundeko lehendakari Asier Atutxak azpimarratu duen bezala, “harro gaude Portu Osasuntsua proiektuaz. Harrera ona egin diote langileek, eta bi aintzatespen jaso ditu; batetik, Innobasquena, zeinak bere aintzatespen gorena eman baitio —Gosasunen hirugarren mailako zigilua—, eta, bestetik, Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalarena. Hain zuzen, osasuna sustatzeko enpresa-jardunbide egokiengatik?? Enpresa osasuntsuen Espainiako Sarean izena emanda dagoen Euskadiko enpresa bakarra gara”.
“Horregatik —adierazi du— animatu gara jardunaldi hau egitera OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin batera, gure komunitateko enpresei azaltzeko osasunaren sustapenaren alorrean zer politika (nazioartean, Europan, estatuan eta EAEn), mugimendu kolektibo eta proiektu berritzaile dauden, eta bide batez, animatzeko mugimendu ilusio-sortzaile honetan parte hartzera”.
Streaming bidez ikusi ahal izan da jardunaldia Bilboko Portuko Agintaritzaren webgunean (www.bilbaoport.eus)