Bilboko Portuko Getxoko instalazioetara hiru gurutzaontzi iritsi dira gaur, eta, guztira, 8.700 bidaiari. Egun berean Euskadira iritsi den gurutzaontzi-bidaiarien kopururik handiena da; beraz, gaur, inoiz baino gehiago, nabaritu da haien etorrera Bilboko eta Getxoko bertako kaleetan.
Independence of the Seas gurutzaontzia iritsi da lehenbizi, 6:00etan, Frantziako Cherbourg portutik. Royal Caribbean International enpresarena da, eta munduko gurutzaontzi handienetako bat da. 2014an ere izan zen Bilboko Portuan, gurutzaontzietarako hirugarren atrakalekua inauguratu zenean, eta iaz ere bai. 339 metro luze da, eta 56 metro zabal. 4.280 bidaiari daramatza, eta 17:00etan aterako da, Gijónera.
Britannia iritsi da bigarren, 7:30ean, Coruñatik. 2015az geroztik, denboraldi guztietan etorri da Bilbora, eta behin baino gehiagotan. 330 metro luze da, eta 44 metro zabal: Britainia Handiko P&O konpainiaren ontzirik handiena da. 3.828 bidaiari etorri dira han, eta 19:00etan aterako da Arroxelara (Frantzia).
Hirugarren gurutzaontzia, Oceanía konpainiaren Seven Seas Explorer, 8:00etan porturatu da, eta Coruñatik etorri da.
18:00etan abiatuko da Le Verdonera (Frantzia). Lehen aldiz etorri da Seven Seas Explorer Bilbora. 224 metro luze da, eta 32 metro zabal. 2016ko uztailaren 13an eraiki zuten, eta inoiz eraiki den ontzirik luxuzkoena izateko diseinatu dute. 604 bidaiari iritsi dira han.
Denboraldi honetan, bigarren aldiz iritsi dira hiru gurutzaontzi egun berean. Aurreko aldian, maiatzaren 27an iritsi ziren, eta, orduan, 2.500 bidaiari inguru etorri ziren.