Maiatzaren 17tik 19ra, Bilbok Juan Sebastián Elcanoren egitandiari eta itsas sektoreari buruzko hainbat jarduera hartuko ditu
Dagoeneko irekita dago “Lehen Mundu Biraren 500. Urteurrena” Nazioarteko III. Biltzarrean parte hartzeko izena emateko epea. Biltzar hori Merkataritza Nabigazioko Kapitainen Bizkaiko Elkarteak, Bilboko Portuko Agintaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolak – Nautikako Irakaskuntzak antolatu dute.
2022ko maiatzaren 17an, 18an eta 19an, UPV-EHUren Bilboko paraninfoa itsas, portu- eta kultura-munduko arduradunen eta profesionalen topagunea izango da, bai eta Juan Sebastián Elcanoren irudian, mundua aldatu zuen espedizio ospetsuan, eta itsasoarekin zerikusia duten lanbideen historian eta aldaketetan interesa duten guztientzat ere.
Jardunaldietan, sektoreko izen handiko adituek Juan Sebastián Elcanorekin eta munduari lehen bira eman zion espedizioarekin zerikusia duen eduki-sorta zabala jorratuko dute. Beste gai batzuk ere izango dituzte hizpide: XVI. mendeko egoera; ontzigintzaren, merkataritzaren, itsas administrazioaren eta garraioaren bilakaera eta etorkizuna; nautika eta itsas prestakuntza; nabigazio-sistemak; tripulazioak; itsasontzien osasun-baldintzak eta komunikaziak; arrantzariak; klima-aldaketa eta ingurumena, besteak beste.
“Lehen Mundu Biraren 500. Urteurrena” Nazioarteko III. Kongresuak, garaiko egoerari buruzko azterketa sakona egiteko aukera bikaina eskaintzeaz gain, nabigazioak gaur egun arte izan duen bilakaera baloratzeko, ibilbide historiko horretan guztian izan den oihartzun soziala eta ekonomikoa aztertzeko eta itsas munduarekin zerikusia duten jarduera garrantzitsu guztien etorkizuneko aukeretan sakontzeko aukera ere emango du.
Izena emateko kuota ordaintzeak eskubidea ematen du jardunaldietara, kafeetara eta lan-otorduetara joateko, baita dokumentazioa eta bertaratze-diploma jasotzeko ere. Horrez gain, deskontu handiak ditu erretiratuentzat eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikasleentzat.