LOINTEK Bizkaiko enpresa —ekipo-ondasunak sortzen ditu— ekoizpen-instalazio bat eraikitzen ari da Bilboko Portuan, lehiakorragoak izateko eta merkatuak zabaltzeko. Hutsean 1.000 t baino gehiagoko pisua, 12 metrora artekoko diametroa eta gutxienez 50 metroko luzera duten ekipoak ekoitzi ahal izango ditu. Inbertsioa 5 milioi eurokoa izango da 2015ean.
Produktu berriak garapen propiokoak izango dira. Hala, esportatzeko ahalmena indartuko da, eta horrek hazteko aukera emango dio bai langileen kopuruan, bai merkatuari eskaintzeko produktu-aukeran.
Lehen eskaera, Mexikora
Lointek enpresak badu dagoeneko instalazio berrirako lehen eskaera. Pemex Mexikoko petrolio-taldearentzako “oversize” ekipo bat da.
Ekipoak 700 t-ko pisua eta 9 metroko diametroa ditu, eta Lointek enpresak diseinatu du haren ingeniaritza mekanikoa. Gune petrokimiko baterako izango da. Kanpotik, karbono-altzairuz egina egongo da, eta barrutik, altzairu herdoilgaitzez. Soldadura-teknika konplexuak beharko dira lan hori egiteko.
Lanaren kalitatea hobetzearekin eta merkatua handitzeko aukerarekin batera, enplegua sortzen ere lagunduko du instalazio honek: batez ere goi-mailako eskoletatik eta eskola teknikoetatik datozen ingeniarientzat eta euskal zentroetan trebatutako lanbide-profesionalentzat lanerako aukera interesgarria eskaintzen du.
Lointek enpresak, puntako uneetan, 250 langile ditu bere enpresetan, baina, kalkuluen arabera, beste 300 lanpostu ere sortzen dira hari esker. 60 ingeniari baino gehiago dira. Instalazio berriarekin, 15 ingeniari berri egongo dira, eta, epe laburrean, 25 izatera iritsiko dira.
Beste helburu bat ere lortu nahi da instalazioarekin: nagusiki EAEkoak diren hornitzaile-multzo handi batengan duen eragina handitzea; izan ere, enpresak harreman bikaina du haiekin.
Portuaren abantaila lehiakorrak
Lointek enpresak hainbat arrazoirengatik aukeratu ditu Bilboko Portuko instalazioak: Kantauri kostaldeko toki nagusia delako
bolumenari eta zerbitzuei dagokienez, “giltza eskura” eremu bat duelako Kanpoko Abran, Portuko Agintaritzak erraztasunak eskaintzen dituelako kokapena bizkor egiteko, Urdulizeko instalazioak hurbil daudelako, eta portu hau bost kontinenteekin lotzen duten itsas linea ugari daudelako. Lointek nazioarteko edozein merkatutara hel daiteke Bilboko Portutik.
Gainera, errepideko garraioaren kosturik ez izateak —portuan bertan egoteari esker— eragina izango du piezen azken prezioan, eta lehiakorragoak izango dira merkatu globalean.
Portuan bertan ekoizteko beste arrazoi bat da enpresaren bezeroak munduko industrialde handienak direla (petrolio-findegiak eta zenbait deribaturen instalazio petrokimikoak, hala nola urearena eta amoniakoarena) eta enpresa horiek sistematikoki portuetan ezartzen ari direla. Hori dela eta, gero eta ekipo handiagoak eta multzo integratuagoak eskatzen dituzte, muntaketa-lanak arintzeko. Ekipo horiek jatorrizko herrialdean ere ezin dira errepidez garraiatu, eta portuan bertan eraiki behar dira.
Bestalde, merkatuaren joera da ekipoen erosketako ohiko kudeaketa alde batera uztea eta, horren ordez, muntaketa-lanetarako lanpostu-multzoak barne hartzen dituzten pieza modularrak esleitzea.
Azken bezeroen eta ingeniaritzen homologazio-prozesuak sakonak izaten dira. Aldez aurreko erreferentzia teknikoak egiaztatu behar izaten dira eskaera gehienak lortzeko; beraz, Lointek enpresak duen erreferentzia-aukera zabala faktore bereizgarri bat da.