Lehenengo aldiz, 86.500 turista iritsi dira gurutzaontziz
Bilboko Portuak marka guztiak hautsi ditu aurten gurutzaontziz etorri diren bidaiari-kopuruari dagokionez; azkenak, Royal Caribbean taldeko Celebrity Cruises konpainiako Celebrity Silhouettekoak izan dira.
Otsailaren 25ean heldu zen lehenbiziko gurutzaontzia; azkena, berriz, urriaren 1ean. Tarte horretan, 86.500 bidaiari inguru ekarri dituzte gurutzaontziek, iaz baino 2.800 gehiago. Kopuru horretatik, 3.000 bidaiarik baino gehiagok Bilboko Portuan hasi edo amaitu dute bidaia.
Herrialdeka, britainiarrak gailentzen dira (% 46), eta, haien atzetik, alemanak (% 20) eta estatubatuarrak (% 15).
Portuan, 59 eskala egin dituzte ontziek (68-339 metroko luzerakoak), eta horietatik zazpik portuan eman dute gaua, iaz baino bat gehiagok, alegia. Bestalde, zortzi aldiz suertatu dira elkarrekin portuan gurutzaontzi bat baino gehiago.
Hamasei konpainiatako ontziak etorri dira, eta horietatik bi lehenbizikoz etorri dira Bizkaira.
Oso gustura dago Bilboko Portuko Agintaritza denboraldia dela eta, berretsi egiten baitu Bilboko Portuaren oinarri-portu izaera sendotzeko eta gerora turnarround port bihurtzeko joera. Aipatzekoa da, alde batetik, turista-kopuruaren igoera, “eskala-kopuruak baino garrantzi handiagoa baitu iristen den bidaiari-kopuruak”. Bestalde, dibertsifikatu eta ugaldu egin da gurutzaontziz iristen diren turisten jatorria. Bereziki kontuan hartzekoa da turista alemanen kopurua, zeinak gora egin baitu (% 9tik % 20ra), eta egiten duten gastua, batezbestekoa baino handiagoa. Azkenik, oso garrantzitsua deritzo Portuko Agintaritzak beste datu honi: gora ari da, denboraldiz denboraldi, beren bideari berriro ekin aurretik gaua Bilboko Portuan ematen duten gurutzaontzien kopurua.
Apirilean, Miami/Fort Lauderdale azoka egiten denean —nazioarteko zirkuituko garrantzitsuena—, 2019rako aurreikuspenen berri emango da.