Irailean jarri dira martxan, Noatum Container Terminal Bilbaon, kamioien harrera automatikorako sistema berria eta errendimendu ahalik eta handiena lortzeko Bilboko Portuko Agintaritzak prestatu dituen konponbide telematiko osagarriak.
Sarrerako zazpi ate eta irteerako hiru ditu instalazio berriak. Sistemak ongi funtzionatzeko, kontainerrak jasotzeko edo entregatzeko behar den informazio guztia eman behar diote terminalari bai ontzi-konpainiek, bai garraio-enpresek, e-puertobilbao (www.epuertobilbao.com) plataformaren bitartez.
Garraiolaria kamioia gelditu gabe pasatzen da OCR (Optical Character Recognitio) arkuetatik, eta, ate automatikora iristean, sarrera-kodea sartu behar du ukipen-pantaila batean. Tiket batean zehazten dio sistemak terminaleko zein puntutara joan behar duen egin beharreko eragiketa egitera.
Besteak beste, proiektu horri esker, denbora gutxiago itxaron beharko dute ibilgailuek portura eta terminaletara sartzeko. Horrez gain, portuaren barruko segurtasuna hobetuko da, eta errepide bidezko garraiobideen zirkulazioa kudeatzeko eta operazioak optimizatzeko sistema bat izango dute Portuko Agintaritzak eta terminalek.
2016an, 6,4 milioi tona merkantzia garraiatu zen kontainerretan Bilboko Portuko instalazioetan; TEU kopurua, berriz, 596.688 izan zen.
Terminalean eta plataforman egin diren inbertsioak
Bilboko Portuko kontainer-terminalaren enpresa esleipendunaren, Noatum Container Terminal Bilbaoren, bi proiektu handien barruan sartzen dira sarbide berriak egiteko
inbertsioa eta tren-terminala handitzea (100 metro gehiago, ekipamendu osagarria kontuan hartuta). 2016tik 2018ra bitartean, 10 milioi euro inbertituko dira bi proiektu horietan. Tren-terminala handitzeko obrei ekiteko aukera emango du instalazio berriak; horri esker, 550 metrorainoko trenak ere ibiliko dira portuan.
Bestalde, eguneratu egin dira e-puertobilbao plataforma telematikoaren zerbitzuak, terminalari eta garraiolariari bidaliko zaien sarbide-kodea sor dezaten. Kode hori sortzeak esan nahi du entregatzekoari edo, hala dagokionean, onartzekoari buruzko informazioak (eta dagokion aurreabisuari buruzkoak) badituela Portuko Agintaritzak eta Noatumek ateen kudeaketa automatizaturako behar dituzten datu guztiak.
Aplikazio mugikor bat ere (App) badu e-puertobilbao-k, beren jardueragatik edo lanaren ezaugarriengatik (garraio-denbora-…) aurreabisua une bakoitzean dauden lekutik bidali behar duten enpresei lana errazteko.