Bilboko Portuko Agintaritzak amaitu ditu Punta Sollanako dikea luzatzeko lanak (Bilboko Portuko industrialdea, Kanpoko Abra).
Lan horien bidez (lau urte iraun dute), batez ere, ontziratu gabeko produktu solido eta likidoen trafikoa sustatuko da, erabilgarri dagoen kaiaren luzera 330 m lineal handitu baita —20 m-ko zingoa du—, eta kaiaren zabaldegia 20.000 m2.
Europar Batasunak ere lagundu duazpiegitura hori finantzatzen: 3,53 milioi euro eman ditu “Bilboko Portuaren Ingurumen Errendimenduaren Hobekuntza eta Eragiketa Eraginkorrak” proiektuaren TEN-T 2012 deialdiaren barruan. Gainerako finantzazioa, jada ziurtatuta dagoen 40,11 milioi euroko zenbatekorainokoa, Portuko Agintaritzaren beraren baliabideetatik atera da.
Hura eraikitzerakoan, proiektuan aurreikusitako kokotea 2,65 tona/m3-rainoko dentsitateko prestazio handiko hormigoiarekin diseinatu eta gauzatu du Portuko Agintaritzak, berrikuntza tekniko bat eginez, eta, hala, ingurumena gehiago errespetatuz. Horretarako, Bizkaiko altzairutegietako arku elektrikozko labeetan altzairu arrunta fabrikatzean sortzen diren zepa beltzak –azpiproduktu industrial gisa definituak– birziklatuz sorturiko agregakin siderurgikoa erabili da . Horri esker, gainera, obra egiteko aurrekontua milioi bat euro inguru murriztu da hasierako aurrekontutik.
Obra estrategikoa
Gaur egun, eta aipatutako obrak erabiltzeko aukerarik gabe, Punta Ceballos eta Punta Luceroko kaietako industrialdean dauden portu-instalazioak guztiz okupatuta daude, Punta Sollanako zati bat izan ezik. Horrez gainera, eremu horretako atrakalekuen ustiaketa saturatzeko zorian dago, eta dagoeneko horrela dago Punta Ceballoseko pantalana.
Lan horiek hasi aurretik, dikeak 350 m-ko atrakalerroa zuen, eta, orain, 680 metro ditu. Horri esker, bi ontzik atraka
dezakete adi berean, eta, hala, ontziratu gabeko produktuen trafikoa sustatuko da, batez ere, solidoena; hala nola inportazioko soja-babena edo esportazioko harrobiko harriarena.
Aurreikuspenen arabera, portuko eragiketa horren eta hasi duten merkataritza-lanaren bidez, Bilboko Portuak 4,5 milioi tona solido mugitu ordez (2015ean), 5,8 milioi tona mugitu ahalko ditu 2020an.
Bestetik, merkataritza- edo industria-jardueretarako lurzoru gehiago egongo da portuan erabilgarri, eta iparraldeko olatuen eragina apalduko da, olatu horiek astinduak eta gainezkatze-arazoak eragiten baitituzte Punta Sollanako zabaldegian.
Beste 330 metroko dike-kai hori eraikitzeko —60 metroko zabalera erabilgarria du—, zortzi tonako 20.000 hormigoi-bloke eta 75 tonako 3.000 hormigoi-bloke inguru erabili dira. Horrez gainera, milioi bat metro kubiko betegarri erabili da, honela banatuta: % 20 500 kg-rainoko harriak harri-lubetetan, eta % 80 harrobiko zagorra.