Euskal kostaldetik igarotzen diren itsas hegaztien eta zetazeoen behatoki bihurtu da Matxitxako lurmuturreko (Bermeo) faro zaharra.
Behatoki berria itsasargiaren behealdeari itsatsita dago, Bizkaiko Golkorantz begira. Itsasargiaren eraikinaren oinalde gisa eraiki da.
Behatokiak galeria bat du, itsasargiaren iparraldeko zatia inguratzen duena, eta lau portikok eusten diote bisitari eta behatzaileentzako toki estalia eratzen duen lauzari.
Galeriaren erdialdean, altzairuzko aterpe-eremu babestu bat prestatu da; han ezarri den arotzeria-sistema erraz ireki daiteke, euskal kostaldeko abifauna eta itsas ugaztunak behatzeko eta haien jarraipena egiteko (askotariko ugaztunak ikus daitezke; besteak beste, izurdeak, baleak, pilotu-izurde hegaluzeak eta zereak).
Lau administrazioren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da behatokia. Batetik, itsasargia Bilboko Portuko Agintaritzarena da, eta hark eman du erabiltzeko emakida. Bestetik, eraikuntza-lanak Eusko Jaurlaritzak egin ditu (150.000 euro), eta Foru Aldundiak instalazioetarako bidea egokitu du. Bestalde, erakunde horiek, Bermeoko Udalarekin batera, konpromisoa hartu dute behatokiaren inguruko mantentze-lanak egiteko eta behatokirako sarbidea behar bezala bermatzeko.