Elkarrekin izango dira Mercabilbao eta Bilboko Portua Fruit Attraction Azokan (urriak 18-20, IFEMA), mundu osoko fruta- eta barazki-ekoizleen sektoreko ordezkaritzarik handiena biltzen duen ekitaldian, alegia. Aurretik, berriz, zenbait lan-jardunaldi egin dituzte bi erakundeek Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako 30 bat enpresatako arduradunekin. Jardunaldien ostean, Madrila joan dira enpresariak, azokara.
Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren laguntzaz antolatu dira jardunaldiak, non garbi ikusi baita Mercabilbao eta Portua ahalegin handia egiten ari direla Hego Amerikatik eta Erdialdeko Amerikatik iristen den jeneroaren sarbide bihurtzeko eta fruta eta barazkiak Europara eta Iberiar penintsulara banatzeko, hots, portua errepideko garraioaren alternatiba bihurtzeko barazki-fruten banaketarako.
Bilboko Portuko kontainerren terminala, mugaren ikuskaritza-postua (MIP) eta produktu galkorretarako biltegia (Frioport) bisitatu dituzte enpresariek, eta fruta inportatzeko dauden zerbitzuen berri jaso dute. Portuaren abantailei buruzko mintegian, berriz, osasun-kontrolak eta soluzio telematikoak azpimarratu dira, besteak beste. Portuko Agintaritzako ordezkariez gain, Fitoosaun Zerbitzuko, Kanpo Osasun Zerbitzuko eta SOIVRE Ikuskaritza Zerbitzukoak ere izan ziren mintegian.
Aldez aurretik, Mercabilbaoren instalazioetara jo zuen taldeak, hango produktuen kalitatea eta haiek saltzen dituzten handizkarien jarduera egokia bertatik bertara ikustera; Elikagai unitatean, berriz, nazioartera hedatzeko estrategia bateratua aurkeztu zuten bi erakundeek, baita barazki eta frutaren inportazio eta esportaziorako eskaintzen dituzten zerbitzuak ere.
Mercabilbao eta Bilboko Portua Fruit Attraction azokan
Elkarren segidako hirugarren urtez, elkarrekin doaz Madrila, Fruit Attraction azokara, Mercabilbaoko eta Bilboko Portuko ordezkariak, nazioartera hedatzeko beren estrategiaren berri ematera. Barazki eta frutaren inportazio eta esportaziorako Espainiako Estatuaren iparraldeko elikagaien hub nagusi bilakatzea da bi erakunde horien xedea. Urteak dira jada elkarlanean ari direla, bi erakundeen arteko aliantzaren eta nazioartera hedatzeko estrategiaren bidez, zeinei esker merkantziaren sarrera-eta irteera-fluxuak areagotzen dituzten, eta karga-bidaltzaile eta ontzi-konpainia berriak erakartzeko aprobetxatzen dituzte sinergiak.
Hala, bada, Europako zenbait azokarekin harremanetan jarri da Bilboko sozietate publiko hori; besteak beste, Bordeleko Azoka Nagusiarekin. Lankidetza estuan jarduten dira Bilboko eta Bordeleko azokak, Euskadi-Akitania euro-eskualdean zenbait jarduera elkarrekin antolatzen. Gainera, Bilboko eta Bordeleko udalek lankidetza-hitzarmen baterako oinarriak jarri dituzte, duela gutxi, are gehiago hurbiltzeko elkarrengana bi hiriak zenbait alorretan: garapen ekonomikoan, urbanismoan eta talentua erakartzeko eta bertan eusteko ahaleginean.
Mercabilbaok kokapen estrategikoa du: Paris-Hendaia-Madril ardatzaren bidegurutzetik oso gertu dago, Kantauriko autobidearen ondoan, eta
zuzeneko lotura du autobide-sarearekin. Hori dela eta, leku ezin egokiagoan daude Mercabilbao eta Bilboko Portua nazioartera hedatzeko estrategia behar bezala gauzatzeko. Lehiatzeko abantaila dakarkie kokapen horrek barazki- eta fruta-sektoreko operadoreei, zenbait aldetatik begiratuta: baliabideak, dirua, denbora, azpiegiturak, biltegi logistikoak… 2016an, 217.600 tona fruta, barazki eta ortuari igaro ziren Mercabilbaoren instalazioetatik.
Bilboko Portuak, berriz, Espainiako iparraldeko kontainer-terminalik garrantzitsuena du, eta, portu-sakonerarik handienekoa. Itsas zerbitzu ugari ditu, eta mundu osoko 900 bat porturekin du lotura. 2016an, 200.000 tona barazki eta fruta igaro ziren portuko instalazioetatik. Trafiko horretatik gehiena, % 77 inguru, esportazioak izan ziren.
Duela gutxi, zenbait lan egin dira portuko azpiegituretan, elikagai freskoen trafikoa hobetzeko. Batetik, kontainer-terminala kudeatzen duen enpresak (Noatum Container Terminal Bilbao) eta Portuko Agintaritzak sarrera automatizatuko prozedura bat ezarri dute kontainer-terminalean. Irailean jarri dute martxan prozedura, zeinak bizkortu eta erraztu egiten baitu lana, produktu freskoen garraiolariena ere barne dela. Bestetik, hobekuntzak egin dira reefer harguneen kopurua handitzeko (540 dira jada).
Gainera, tren-terminala handitzen ari da Noatum; hori dela eta, datorren urtean 550 metroko trenak hartzeko moduan izango da. Zuzeneko eragina izango du horrek portuaren tren-konexioetan. 2016an, kontainerretako kargaren % 21 garraiatu zuten trenek portuan, eta karga orokorraren % 19. Gaur egun, astean 110 tren ibiltzen dira portuan.
Portuan kokatuta dagoen beste enpresa bat (Progeco Bilbao) kontainer hoztaileen ordezko piezen marka nagusien dealer baimendua da, eta reefer unitateak konpontzeko 24/7 zerbitzua eskaintzen du. Konpainia horrek 12 kai ditu —1.500 metro karratu inguru— cross-docking-erako, hau da, produktu galkorrak hozkailu-kamioiko tenperatura kontrolatutik kontainerrera pasatzeko; bestalde, 400 metro karratuko lantegi bat du, hozte-ekipoak konpontzeko lanetan espezializatua.