Bizkaiko Foru Aldundiko lehendakaritzako diputatu eta bozeramaile Unai Rementeriak eta Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak merkantzia arriskutsuekin izaten diren larrialdiei buruzko estatu mailako jardunaldi teknikoen hirugarren edizioa inauguratu dute gaur. Bi erakunde horiek antolatu dituzte jardunaldiok, “Jatorri kimikoko arrisku teknologikoetako esku-hartze operatiboak” izenburupean. Hitzaldietan eta lantaldeetan, Bizkaiko Su-hiltzaileen Zerbitzuetako ordezkariek eta Espainiako beste herri eta autonomia-erkidego batzuetakoek hartuko dute parte, hala nola Katalunia, Madril, Valentzia, Murtzia eta Toledokoek, bai eta Kanadako eta Frantziako aditu batzuek ere.
Jardunaldi horien helburu nagusiak hauek dira: arrisku teknologikoak aztertzea eta ezbeharren bat gertatzen bada zer eragin duten analizatzea, esku hartzeko estrategiak eta
prozedurak ezartzea, esperientzia eta informazioa trukatzea, herritar zibilentzako gomendioak finkatzea, eta gertatutako istripuetatik ikastea.
Bilboko Portuan egingo dute tailer hori, penintsularen iparraldeko zentro logistiko nagusia eta Espainiako eta Europako portu nagusietako bat delako. Iaz, hogeita hamar milioi tona baino gehiago pasatu ziren hango kaietatik; erdia baino gehiago merkantzia arriskutsutzat jotzen dira, mota guztietakoak (likidoak eta gas sukoiak, produktu toxikoak, etab.).
Bilboko Portuak, jakitun izanik trafiko horiek zer arrisku sortzen duten, hainbat plangintza- eta kudeaketa-tresna ditu, arrisku horiek minimizatzeko edo ezabatzeko beharrezkoak.
Ildo horretan, Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmen bat du 1996az geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, oharturik bien eskumenek bat egiten dutela eta elkarrekin zerikusi handia dutela. Hala, bi aldeen jarduerak eta ekarpenak koordinatuz, egokitasun-maila hobea lortzen da portu-segurtasunaren arloan, eta zerbitzu publikoek hobeto funtzionatzen dute.
Formula horren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiko su-hiltzaileek “Bilboko Portuan esku hartzeko taldea” osatzen dute, Portuko Autobabes Planean jasotzen den bezala. Portuko Agintaritzak, berriz, esku hartzeko ekipoak ditu su-hiltzaileen eskura, eta portuko jarduerari lotutako ezbeharren trebakuntza espezializatua eman die. Hitzarmen horren ondorioz, Bilboko Portua Estatuko Portu Sistemaren buruan dago, merkantzia arriskutsuek sor litzaketen ezbeharrei erantzuteko gaitasunari dagokionez.