Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (Mitma) simulazio berritzailea egingo du gaur, asteartea, hilak 8, eta asteazkenean, hilak 9, “Jovellanos” Itsas Segurtasun Integraleko Zentroan; eta horretan hainbat erakundetako teknikari eta espezialistek parte-hartuko dute. Mass Rescue Operation (MRO) deritzon eskala handiko operazioa da, eta simulazioan Bilboko portutik 4 miliara su hartu duen eta gobernurik ez duen 450 pertsona baino gehiagoko ferrya –bidariak eta tripulazioa barne- ebakuatuko da.
“Mahaiko” deituriko simulazioa da, eta benetako eragiketa baten ordez, Jovellanos Zentroko simulagailuak erabiliko dira beharrezko eragiketa guztiak aurrera eramateko. Mota horretako beste ariketa batzuen aldean, berrikuntza bat dago: lehen aldiz, aldi berean erabiliko dira zentro horretako zubi-simulagailuak eta larrialdi-simulagailuak. Simulagailu horiek itsas salbamendu eta segurtasuneko prestakuntzan erreferentzia dira nazioartean.
Simulazioan, batetik, bidaiarien eta tripulazioaren erreskateari ekingo zaio, sutea itzaliko da eta uretara eroritako 3 tripulatzaile erreskatatuko dira; eta, bestetik, 2. mailako kutsaduragatiko Itsas Plan Nazionala jarriko da martxan, substantzia arriskutsuak isuri ahal izan direlako.
Partaide izango dira Itsas Kapitaintza (Mitmako Merkataritza Nabigazioko Zuzendaritza Nagusia), Itsas Salbamendua, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetza, Bilboko Portuko Agintaritza, Guardia Zibila, Ertzaintza, Mitmaren Larrialdien, Segurtasuna eta Krisiak Kudeatzeko Unitatea eta Gurutze Gorriak, beste batzuen artean.
Simulazioa
Hilaren 8an, goizeko 1:00ak aldera, Bilboko Itsas Salbamenduko Koordinazio Zentroari jakinaraziko zaio Brittany Ferrys konpainiako ferry baten 3. ontzigainean sutea izan dela. Ferry hori Portsmouth-era bidean atera da Bilbotik, portutik 4 miliara dago eta gobernurik gabe nabigatzen du.
Sutea ezin da ontziaren sistemen bidez kontrolatu, eta hedatu egiten da, haizeak eta itsasoaren egoerak bultzatuta -sagailo eta sagailo handia bitartean-. Ontziko kapitainak bidaiariak (350 bidaiari) eta 101 tripulatzaileen gehiengoa salbamendu-txalupetan ebakuatzeko agintzen du. Gainera, hiru tripulatzaile, suak ohartarazita, uretara erortzen dira. Horrez gain, ferryak salgai arriskutsuak garraiatzen ditu.
Itsas kapitainak zuzendutako operatiboa martxan jartzen da, jendea ebakuatzeko eskuragarri dauden baliabideak erabiliz; ‘Buenas Intenciones’ izeneko ontzi partikular bat barne. Horrek
salbamendu-baltsetako ebakuatuak erreskatatzen lagundutzen du, lurrera eramateko. Desagertutakoak bilatzeko lanak hasten dira eta, aldi berean, sutea itzaltzeko lan egiten da. Ondoren, ontzia babes-portura, Bilboko portura, atoian eramateko agindua ematen da, eta erreskatatuak zenbatzen dira, kasu honetan funtsezkoa baita.
Hainbat erakundek parte-hartzen dutenez, horrelako gertaera batean horien guztien arteko koordinazioa lantzen lagunduko du.
Ekitaldi honetan Bizkaiko Golkoko Plana aktibatuko da alerta-fasean, 2. mailako kutsaduraren arloko Itsas Plan Nazionala, gai arriskutsuak itsasora isurtzeko arriskua dagoelako. Bestalde, SOS DEIAKek BAG (biktima anitzeko gertakaria) taktika jarriko du martxan, eta Bilboko Portuak, bere Autobabes Plana eta, hala badagokio, itsas kutsaduragatiko Barne Plana.
Era berean, osasun-laguntza ere landuko da, eta hala eskatzen duen oro helikopteroetan eta anbulantzietan ospitalera eramango da, baita biktimei eta haien familiei laguntza psikosoziala eman ere, larrialdi honek eragin duen trauma arintzeko.
Komunikazioaren kudeaketak eta jardueren ebaluazioak osatuko dute simulazioa.
Simulazio arruntenak ez bezala (bilaketa eta salbamendu eragiketak edo SAR siglak ingelesez), MRO jarduketak ez dira hain ohikoak; baina horrek ez du esan nahi mota horretako larrialdiak ohikoak ez direnik mundu mailan. Hori dela eta, beharrezkoa da horrelako operazioetarako aurreikusitako planak praktikan jartzea, eta berezibiziko garrantzia du erantzunean egon daitezkeen koordinazio- eta eraginkortasun-akatsak antzemateak eta aztertzeak. Horregatik, nabarmentzekoa da “mahaiko” simulazioak gogoeta egiteko ematen duen aukera.