Zorrotzaurreko campusean ematen den Business Data Analytics graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleak Bilboko Portura hurbildu dira eta modu berritzailean ezagutu dute “erronka” deritzenen bidez; kasu praktikoak dira, enpresekin/erakundeekin lankidetzan. Horrela, ikasleek egin beharreko lana testuinguruan kokatzen dute, garatzen dute eta, azkenik, emaitzak aurkezten dituzte.
Bilboko Portuaren kasuan, 45 ikaslek, taldetan bilduta, hiru hilabetez Portuko Agintaritzaren eta PortLab bere berrikuntza-hubaren laguntza izan dute. Hautatutako zazpi herrialdetako 2022rako zirkulazioa aurreikusi dute parte-hartzaileek. Horretarako, Portuko Agintaritzak azken hamabost urteetako datu estatistikoak eman dizkie, eta herrialde bakoitzeko adierazle makroak erabili dituzte simulazio-programa bat antolatzeko.
Egindako lan horrekin guztiarekin, ikasleek datu esanguratsuak aurkitu dituzte, hala nola Bilboko portua da Erresuma Batuak Iberiar penintsulan sartzeko duen ate nagusia dela, edo lehorreko lotura bikainak dituela eta edozein ontzi hartzeko sakonera handia duen portua dela.
“Portu-azpiegitura datu-sortzaile handia da, eta aukera handiak eskaintzen ditu analitikaren esparruan balio handiko proiektuak garatzeko. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Portuari bere laguntza eta prestutasunagatik, eta etorkizunean lankidetza hau errepikatzea espero dugu”, adierazi dute Unibertsitatetik.
Portuko arduradunentzat, “harrituta utzi gaitu 18 urterekin kasua ezin hobeto ulertzen duten taldeak ikusteak, haien argudioak beti datuekin defendatzen dituztenak, hari gidari argia dutenak eta, kasu batzuetan, hobetzeko iradokizunak ere egiten dituztenak. Zalantzarik gabe, esperientzia aberasgarria izan da bi aldeentzat. Unibertsitateko ikasleak modu praktiko eta berritzailean hurbildu dira portu-ingurunera, eta gu haiengana hurbildu gara eta elkarrekin ikasi dugu”.