Apirilaren 11n iritsiko da lehenengo gurutzaontzia
Royal Caribbean itsas konpainiak Bilboko Portua sartu du Anthem of the Seas munduko bigarren gurutzaontzi handienak egingo duen lehenengo zirkuitu komertzialean. Bukatzear dago 348 metroko luzera, 167.800 tonako erregistro gordina eta 4.200 lagunentzako lekua izango dituen ontzi horren eraikuntza, eta apirilaren 26an iritsiko da Euskadira. Gero, beste lau aldiz ere pasatuko da guretik: ekainaren 16an, irailaren 26an, urriaren 9an eta urriaren 22an.
Ontziaren luzera eta edukiera kontuan harturik, gurutzaontzientzako kai berrian porturatuko da, zeina maiatzean inauguratu baitzuen Bilboko Portuko Agintaritzak Getxon. Azpiegitura berri horri esker, harrera egokiagoa egiten
zaie itsas konpainiei eta bidaiariei, ontziak gero eta handiagoak direla kontuan hartuz. Horrez gainera, negozio-aukera berriak ere zabaltzen ditu, eta aukerok hurrengo denboraldietan pixkanaka sendotzea espero dugu. Bestalde, 2016rako itsas estazio bat ere izatea dago aurreikusita.
Pullmantur-en ontziratzeak
Pullmantur enpresaren apustua ere nabarmendu behar da denboraldi honetan: maiatzaren 16an eta irailaren 19an, Enpress gurutzaontzian ontziratuko dira bidaiariak, zortzi eguneko ibilbidea egiteko Europako kostalde atlantikoan barrena.
Halaber, aipatzekoa da Carnival taldearen azken urteetako ahalegina. Aurten, lehen aldiz porturatuko dira gurean Britannia eta Aida Bella gurutzaontziak. Eta, horiekin batera, aurreko urteetako beste batzuk ere etorriko zaizkigu, hala nola Ocean Princess eta Prinsendam.
Ohiko beste itsas konpainia batzuk ere etorriko dira aurten. Esate baterako, Fred Olsen konpainiak bost eskala egingo ditu, eta Oceania Cruises-ek, beste bost. Hemen izango dira, halaber, Crystal Cr., Linblad, Louis Cruises, Phoenix Reisen, Residence at Sea, Sea Cloud eta Silver Cr. konpainietako gurutzaontziak.
Lehen ontzia apirilaren 11n iritsiko da Bilboko Portura: Boudicca gurutzaontzia da, Fred Olsen konpainiarena. Aurreikuspenen arabera, 44-46 gurutzaontzi etorriko dira denboraldi honetan.