Bilboko Portuko Agintaritza izan da anfitrioi Shipping Messages Design Group (SMDG) erakundearen bileran. Irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakundea da SMDG, eta hau du xede: EDIFACT mezuak garatzea, koordinatzea eta sustatzea itsas industriarako. Itsas operadore orokorrek eta munduko portu nagusietako (Bilbokoa barne) portu-terminaletako ordezkariz osaturik dago, batik bat, erakundea, eta aurten betetzen ditu 25 urte.
Lehenbiziko egunean, lan-azpitalde teknikoak batzartu ziren, eta portuko instalazioak eta Noatum Container terminal Bilbao bisitatu zituzten, non bertatik bertara ikusi zituzten terminalaren ezaugarriak eta hango lan-prozedura.
Bigarren egunean, berriz, osoko batzarra egin zuten. Han aurkeztu zituen Bilboko Portuak bere zerbitzu-eskaintza eta e-puertobilbao plataformarena. Ondoren, kontainer-ontzietarako zama-planerako BAPLIE mezuaren 3.0 bertsioaren azterketa egin zen. Duela 20 bat urte sortu zuen talde horrek BAPLIE, mundu osoko EDIFACT mezu estandar hedatuena (itsas operadore eta edukiontzi-terminal gehienek erabiltzen dute).
Horrez gain, talde horrek garatutako mezuen berrikuspena ere egin zen. Mezu horien artean dira COPRAR (karga/deskargako zerrenda), COARRI (karga/deskargako zerrendaren berrespena), COREOR (Bidali), COPARN (Onartu), COPINO (Iritsieraren aurreabisua), CODECO (sarrera/irteera txostena) eta abar. Asko erabiltzen dira mezu horiek nabigazioan, baita Bilboko portu- eta logistika-komunitatean ere, e-puertobilbao plataformaren zerbitzuetan. Bestalde, INVOIC (faktura) mezua bezeroei terminalak fakturatzeko aukera ere ari da aztertzen taldea, baita BAPLIEren (zama-plana) bertsio bat tren-garraiorako erabiltzea ere. Oso interesgarriak dira garapen horiek gure ingururako, eta baliteke e-puertobilbao-ren etorkizuneko zerbitzuetan txertatzea.
Bereziki interesgarriak izan dira Bilboko Portuarentzat informazio-trukerako egin diren bi bilera-saioetako hitzarmenak. Bilbon ere jarduten diren zenbait operadorerekin (CMA-CGM, Hapag- Lloyd-AG, Hamburg Sud…) hitz egin dute Portuko ordezkariek bilera horietan. Azpimarratzekoa da, halaber, zenbait esperientziaren azterketa; besteak beste, HHLA Hamburgo eta ECT Rotterdam erakundeekin egindakoak. 2011n, 7,1 eta 7,5 milioi TEU, hurrenez hurren, mugitu zituzten bi erakunde horiek. Aipatutako enpresa guztiak puntakoak dira beren bezeroei (itsas operadore handiak) “e-service”-ak deritzenak aplikatzen, eta zenbait itsas zerbitzuren bidez dute konexioa Bilborekin.