Navacel enpresa hasi da kargatzen, Bilboko Itsas Portuan, Eskoziako uretan jarriko den HyWind Scotland Pilot Park lehenengo parke eoliko flotatzaileko aerosorgailuen egitura osatuko duten bost dorreak.
Bilboko itsasadarreko kai batean dituen instalazioetatik ekin dio Navacelek karga-prozesuari, eta lanaren lehenengo fase honetan, zeinak bost egun iraungo baitu, Norvegiako Stord Base-ko muntaketa-eremura bidaliko dira zenbait sekzio, han dorreak munta ditzaten. Muntaketa-lana amaitu ostean, parke eoliko flotatzailera eramango dituzte dorreak, Peterhead-Aberdeenshire-ko kostaldetik 25 km-ra, eta aerosorgailuak muntatuko dituzte han. Aurreikuspenen arabera, martxoaren erdialdean eta amaieran egingo dira gainerako karga-lanak.
Navacelek fabrikatutako dorreek 83 m-ko luzera dute eta 7,5 m-ko diametroa oinarrian eta 4,2 m-koa goialdean. Hor jarriko da, goialdean hain zuzen, turbina. Dorre bakoitzak 620 tonako pisua duela kontuan harturik, oso konplexuak dira dorreon garraioa prestatzeko lanak.
HyWind Scotland Pilot Park proiektu bide-erakuslea da. Itsas energia eolikoa sortzeko lehenengo parke flotatzailea da; turbinak hartzen dituzten egiturak itsas hondora ainguratuta daude kableen bidez, zuzenean hondoan asentatuta egon ordez. Abantaila ugari dituzte halako parkeek: ingurumen-inpaktu txikiagoa itsas hondoan; muntatzeko eta instalatzeko kostu txikiagoa, neurri batean lehorrean muntatzen baitira; eta parke eolikoak itsas sakonera handiagoan kokatzeko aukera. Izan ere,
adituen arabera, sakonera handietako aire-korronteak kalitate hobekoak dira eta, gainera, korronteen energia aprobetxa daiteke. HyWind Scotland Pilot Park 90 m eta 120 m-ko itsas sakonera artean egongo da kokatua; aurten jarriko dute martxan, urtearen bukaeran, eta 20.000 etxerentzako energia emango du.
Proiektua Statoil konpainia norvegiarrak enkargatu zuen, eta lan hauetaz arduratu da Navacel: egitura-materialen erosketa, dorreen fabrikazio-prozesu osoa, gainazaleko tratamendua, eta sistema elektromekanikoaren eta dorreen barne-elementuen instalazioa (plataformak, eskailerak, igogailuak, argiztapena, panel elektrikoak eta argiak). Halaber, bi garabi hartuko dituzten kanpo-plataformen egokitzapen eta instalazioaz ere arduratu da Navacel.