Noatum Container Terminal Bilbao enpresak du edukiontzien terminalaren emakida, eta beste 12 urtez luzatzeko baimena eman zaio, 2016-2036 denboraldian guztira 34 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartzen badu datozen urteetarako edukiontzien trafikoan espero den hazkuntzari erantzuteko. Indarrean dagoen emakida-epea luzatutakoan, emakida berria 2049an iraungiko da.
Konprometitutako 34 milioi euro horietatik, 10 milioi inguru 2016-2018 denboraldian inbertituko dira. Horietatik, sei milioi, portiko-garabiak eta trenbideko garabi bat erosten gastatuko dira, eta beste lauak instalazioetan (ate automatikoak instalatzen, kamioien zirkulaziorako sarbideak egiten eta gaur egungo lau trenbideak zabaltzen, 450 metrotik 550 metrora).
Konprometitutako inbertsio horrekin, Noatum-ek itsas-lehorreko azpiegitura garatu nahi du, Bilboko Portuan dabilen trafikoa indartzeko eta merkantzia freskoaren trafikoaren intermodalitatea ahalbidetzeko, hozkailu-edukiontziak garraiatuz penintsulako hegoaldearen eta Europa iparraldearen artean, Atlantikoko korridorera hurbiltzeko estrategiaren barruan. Helburu hauek ditu estrategia horrek: Bilboko Portua Europako sarean integratzea 2030erako, trenbidearen erabilera indartzea, terminalean kamioien trafikorako sarbide berriak egitea
merkantzien harrera eta entrega erraztu eta arintzeko, eta kaiko garabiak hobeto aprobetxatzen direla bermatzea, garabien parkea itsasontzien tamaina handiari egokituz.
Inbertsio berrien konpromiso horiek interesgarriak eta garrantzitsuak dira Porturako; izan ere, edukiontzien terminalaren produktibitatea eta portuko eragiketen energia-eraginkortasuna eta ingurumen-kalitatea hobetuko dute, eta teknologia eta prozesu berriak erabiliko dituzte terminalaren lehiakortasuna handitzeko. Horrekin, Noatum-ek apustu garbi bat egiten du terminala eta, azken finean, Bilboko Portua garatu eta hobetzeko.