Bilboko Portuko Agintaritzak eraikina besterendu du Bericato enpresaren alde, eta martxoan utziko du 70 urtez baino gehiagoz bere egoitza izan dena.
Bilboko Portuko Agintaritzak Bericato, S.L. enpresari esleitu dio Bilboko Olabarri Jauregiko partzela eta eraikin multzoa besterentzea. Enpresa esleipendunak, Luze hotel-kateari lotuta dagoenak, erakundearen egoitza enblematikoa erosi du, hotel-erabilera emateko.
Eraikina 2.000 m2 inguruko azalera duen lursail batean dago eta azalera eraikia 4.200 m2 ingurukoa da. Elkarri itsatsita dauden bi eraikuntza-multzoek osatzen dute: Campo Volantin 37 zenbakiko jauregitxoa eta Uriortu 35 zenbakiko eraikin funtzionala.
Olabarri Jauregia 1897an eraiki zen, eta Bilbon gordetzen den garai hartako eraikin berezienetako eta interes arkitektoniko handieneko bat da. Higiezina 1953an erosi zuen Bilboko Portuko Obra Batzordeak egoitza sozial gisa, eta 1957an gerora egindako handitze-lanen emaitza da.
Salmenta-prezioa 10.470.798 eurokoa izan da (BEZik gabe), enkante publikora atera zen kopuru bera; enkante hori hutsik geratu zen 2023ko ekainean, operadore askok hasierako interesa egiaztatu arren. Baldintzen Pleguak eta araudi aplikagarriak, lehiaketa amaitu ondoren, kontratua zuzenean esleitzeko aukera ematen zuten, eta, horrela izan den bezala, inorenganatzeko baldintzak hasierako esleipena egin zen baldintzak baino txikiagoak ez izatea eta esleipen hori deialdi publikoa egin eta urtebeteko epean egitea agintzen zuten.
Bericato enpresak lotura du Luze katearekin, zeinak kudeatzen baititu Iruñeko Luze TORO hotela, Castejongo Luze El VILLA hotela eta Madrilgo Luze CASTELLANA hotela, baita jatetxe-arloko beste establezimendu batzuk ere. Olabarri Jauregian edozein eraikuntza-, birgaitze-, berritze- eta egokitze- esku-hartze egokitu beharko da, eraikin berezi horrek behar duen ondare – eta arkitektura-babesaren mailara. Gainera, higiezinaren barruan egiten diren esku-hartze eta jarduketa guztiek gorde beharko dituzte balio historiko edo ondare bereziko elementuak.
Portuko Agintaritzaren Administrazio-kontseiluak besterentzea erabaki ondoren, izapide administratibo guztiak egingo dira ondare-eragiketa hori burutzeko. Aurreikuspenen arabera, 2024ko martxoan utziko du ofizialki Portuko Agintaritzak 1953az geroztik izan duen egoitza, nahiz eta urteak daramatzan erabilera gutxi izaten. Bere langile guztiak Kanpoko Abran, Santurtzi inguruan, dauden bulego berrietara joan ziren, han biltzen baita Bilboko Portuaren jarduera gehiena.