Bilboko Portuko Agintaritzak irailaren 28an (larunbata) eta 29an (igandea) egingo den Open House Bilbao deritzon arkitektura jaialdiaren hirugarren edizioan parte hartuko du, bere egoitza, Bilboko Campo Volantinen dagoen Olabarri Jauregia, herritarrentzat irekiz.
Izena aurretiaz eman behar gabe eta dohainik, nahi duten guztiek Julian de Zubizarreta arkitektuak XIX. mendearen amaieran, 1894an hain zuzen ere, Jose Maria de Olabarri negozio gizon inportantearen bizilekua izateko proiektatu zuen eraikin adierazgarria bisitatu ahalko dute.
Open House jaialdiaren helburua, normalean jendarentzat itxita dauden espazioak urtean asteburu baten dohainik irekitzea da. Horrela, aipatutako eraikin horiek bisitatzen dituztenek, bere hirigintza eta arkitektura ezagutuz, hiria beste modu baten ikusteko aukera izango dute. Guztira, 81 eraikin adierazgarri irekiko dira; horietako 53 Bilbon daude, 15 Barakaldon eta gainerako 13ak Getxon. Bisitatzeko ordutegiak, larunbatean 10:00etatik 20:00etara eta, igandean 10:00etatik 19:00etara izango dira.