Halaber, Hego Ameriketan eta Afrikan sartzeko zerbitzuen berri emango du
Bilboko Portuko Agintaritza Fruit Attraction nazioarteko azokan izango da aurten ere. Barazki- eta fruta-sektoreko ekitaldi garrantzitsu hori IFEMA Madrid-en egingo da, urriaren 15etik 17ra.
Fruten eta barazkien nazioarteko produkzioko ordezkaritza zabalenaren aurrean, Bilboko Portuak azalduko du, 5D07C standetik (5. pabiloia), lehiakortasun-abantaila ugari dituela portuak, distantzia laburreko linea asko dituelako. Haiei esker, Europako iparraldera eta Iberiar penintsulara bertara frutak eta barazkiak banatzeko ondoen konektatuta dagoen Atlantikoko portua da.
Europako portu nagusiekin maiztasun handiko zerbitzu-aukera zabala izateak Alemaniara, Frantziara, Erresuma Batura, Herbehereetara, Belgikara eta Eskandinaviara esportatzeko irteera natural bihurtzen du Bilbo. Zehazki, edukientzako lo-lo zerbitzuez gain, edukientzako eta merkantziak daramatzaten kamioientzako hiru ro-ro zerbitzu ditu.
Itsaso bidezko konexioak osatzeko, izapideak azkar egiten dira, eta tren-zerbitzu intermodalek Bilborekin lotzen dituzte Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia. Azken horrek tren hozkailuen zerbitzu erregular bat du Bilboko Portuarekin, Nonduermasetik abiatzen dena.
Hego Amerika eta Afrika
Bilboko Portuak, halaber, Hego Ameriketatik eta Afrikatik datozen frutak eta barazkiak sartzeko eskaintzaren berri emango du. Eskaintza horretarako, mugako ikuskaritza-puntu bat (MIP)
du, eta, hango laborategietan, ikuskaritza-erakundeekin koordinatuta egiten dira kontrol sanitario guztiak.
MIPaz gain, beste instalazio batzuen artean, produktu galkorrentzako terminal bat du portuak, 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea). Hainbat biltegiratze-moduluri esker, tenperatura desberdinetan biltegiratu daitezke merkantziak: +12 eta -5 °C artean produktu fresko eta hoztuak eta -22 °C arte produktu izoztuak. Horiez gain, biltegi pribatuak ditu eremu logistikoan, eta edukiontzi hoztuentzako 486 hargune edukiontzien terminalean.
Portuan zirkulatzen duten merkantzien artean, nabarmentzekoak dira hauek: barazki izoztuak, tipula-, baratxuri- eta porru-sortak, patatak, zitrikoak eta urazak.