- Bilboko Portuak dagoeneko lortu du 2020rako aurreikusitako zirkulazio-maila, baina 2022. urterako jarritako helburuei eusten die oraindik ere, aurreikuspen ekonomikoak kontuan hartuta.
- Gainerakoan, planifikatutakoaren arabera ari da lurzoru berriak sortzen —proiektu estrategikoak bereganatzeko—, proiektu intermodalak garatzen, ingurumena kudeatzen eta digitalizazio-prozesua gauzatzen.
- Ekonomia- eta finantza-bideragarritasunak aukera ematen dio pixkanaka tasak murrizteko eta, aldi berean, inbertsio berriei heltzeko.
- Lehiakorragoak izateko eta bezeroei malgutasun handiagoa eskaintzeko, BPAk kudeaketa-autonomia handiagoa eskatzen du, bai eta portuen transferentzia ere.
Bilboko Portuko Agintaritzak 2018-2022 Plan Estrategikoan jasotako 56 ekintza-ildoetan egin du aurrera, eta ezarritako ia helburu guztiak bete ditu. Zure etorkizunarekin bat / Committed to your future / Comprometidos con tu futuro da planaren leloa, eta bost ardatz estrategiko ditu: hazkundea eta lehiakortasuna, inpaktu ekonomikoa, onura soziala, kudeaketaren bikaintasuna eta ekonomia- eta finantza-bideragarritasuna.
Ekitaldiaren lehen urteko emaitzak eta hurrengo ekitaldietarako aurreikuspenak aurkeztean, Ricardo Barkala erakundeko presidenteak azpimarratu du lortutako helburuen artean zirkulazioaren hazkundea eta merkatu-kuotaren berreskuratzea (trafiko energetikorik gabe) nabarmendu behar direla, bai hinterlandean (300 kilometroko erradioa), bai foreland estrategikoan (Europa atlantikoa). 2018an, zehazki, Bilboko Portuak 35,6 milioi tona mugitu zituen, aurrez zehaztutakoa baino hazkunde handiagoarekin (+% 4), eta errekorra lortu zuen edukiontzien eta bidaiarien zirkulazioan. Hazkunde horri esker, 2020rako aurreikusitako zirkulazioetara iritsi da. Hala ere, estatuko eta nazioarteko aurreikuspen makroekonomikoak kontuan hartuta, planean finkatutako helburuari eustea erabaki du Portuko Agintaritzak: 37,5 milioi tonara iristea 2022an.
Obrei dagokienez, Barkalak azpimarratu du plangintza betetzen ari dela eta aurten bertan amaituko dela erdialdeko kai nagusiaren lehen fasea; lan horien ondorioz, 334.000 metro karratu berri izango dira, eta kilometro bateko atrakatze-lerro bat, hiru fasetan urbanizatuko dena. Lurzoruaren okupazio-maila % 87 baino handiagoa da jada —Espainiako portuetako mailarik altuenetakoa—, eta 2019a amaitzerako % 89koa izatea espero da; 2020an, azalera berria martxan jarrita, % 83ra jaitsiko da.
Intermodalitatea ere hobetu egin da Plan Estrategikoaren lehen urte honetan. Portuko trenbide-trafikoa % 12 hazi da azken urtean, % 65 azken sei urteetan, eta hazten jarraitzeko oinarriak jarri dira. Ildo horretan, Sibport-ek irabazi du Jundiz kudeatzeko lehiaketa publikoa —Portuko Agintaritzak parte hartzen du sozietate horren akzioetan—; Pancorbok, berriz, etapa berri bati ekin dio, eta asteroko tren bat izango du; eta, azkenik, Arasur 2020. urtean hasiko da lanean, trenbide-bazterbidean egiten ari diren urbanizazio-lanak amaitutakoan.
Halaber, gainerako erakundeekin lankidetzan, lanean ari gara sarbideak hobetzeko, hala nola hegoaldeko tren-saihesbidea, Atlantikoko korridorea eta metropoli hegoaldeko saihesbidea (garraiolarientzako pizgarriak).
Ingurumen-kudeaketan, Portuko Agintaritzak energia-eredua aldatzeko eta energia-iturri eolikoak bultzatzeko hainbat ekimen sustatzen ditu, eta aitzindaria da horretan. 2018an, ontzitik ontzirako Europa atlantikoko lehen gas-hornidura egin da Bilboko Portuan, kaietan argiztapen eraginkorragoa eta jasangarriagoa ezartzeko proiektu aitzindari bat gauzatu da, airearen kalitatearen eta zarata-mailaren neurketetan gardentasuna bermatzeko neurriak hartu dira, eta energia eolikoaren instalazio berriak jarri dira. Eta aurtengo erronka nagusietako bat da bizi-zikloaren ziurtagiria lortzen duen Europako lehen portua izatea.
Onura soziala sendotzeko zehaztutako erronkei dagokienez, aurrera egin du administrazio elektronikoa hobetzeko bidean, eta Port Center –Bilboko Portuaren dibulgazio-zentroa– inauguratu du, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.
Bezeroa erakundearen erdigunean jartzeko estrategiaren abiapuntua kudeaketako malgutasuna da; malgutasun horri esker, trafiko berriak eta neurrira egindako konponbideak dituzten instalazio logistiko-industrial berriak lortuko dira. Horregatik, eraginkorragoa izateko, eskaera hauek egin ditu Portuko Agintaritzak: autonomia funtzionala eta kudeaketa-autonomia duen gobernantza-eredu bat izatea, portuen transferentzia gauzatzea, kokalekuen arabera erregulazio bereiziak ezartzea, eta Puertos del Estadoren rola aldatu, eta hark sistemaren koordinazioa bere gain hartzea.
Ekonomia- eta finantza-egoerari dagokionez, Portuko Agintaritzak kaudimen-maila handia du, Plan Estrategikoan aurreikusitakoa baino hobea, eta egoera onean dago inguruko arriskuei aurre egiteko (ustezko dezelerazio ekonomikoa, merkataritza libreko murrizketak Estatu Batuekin eta Erresuma Batuarekin, edo presio fiskala handitzea).
Hori guztia dela eta, Portuko Agintaritzak datozen urteetarako programatutako tasa-murrizketei eusten die, bezeroei etorkizun erakargarria eta egonkorra eskaintzeko; murrizketa pixkanaka aplikatuko da, 5,6 milioi euroraino (fakturazioaren % 7,5). 2018an hasi zen murrizketa, merkantzia-tasa % 10 murriztuta, eta organo eskudunek lursailen balorazio berria onartzea falta da orain.