Bilbao Portlab-ek, Bilboko Portua ekosistema berritzaile batean kokatzeko Portuko Agintaritzaren ekimenak, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko lanarekin jarraituz, datorren ostiralean, urriak 8, jardunaldi bat egingo du Ports 4.0-ren deialdi berriari buruzko informazioa emateko.
Ekitaldia 10:00etatik 12:00etara izango da, on line modalitatean, eta interes bereziko programa izango du portu-ingurune baterako pentsatutako edota bertan probatu nahi duten irtenbide berritzaileentzako, Bilboko Portuko Komunitateko enpresentzako eta berrikuntza irekiko ekosistemako agenteentzako.
Jardunaldian parte hartuko dute José Llorca Estatuko Portuen Berrikuntza arloko buruak, Joaquim Martínez Bosch eta Cristina Martín KPMGkoak eta Nagore Ardanza Bilbao PortLab-eko koordinatzaileak.
Era berean, aurreko Ports 4.0 deialdiaren arrakasta-kasuak ere azalduko dira – izan ere, Bilbao PortLab-ek laguntza jaso edo eman zuen 6 enpresa-ideia onartu ziren deialdi horretan – eta topaketara bertaratutakoek izan ditzaketen zalantzak argituko dira.
Jardunaldian izena emateko, formulario hau bete edo mezu elektroniko bat bidali julia.coppla@bilbaoportlab.eus helbidera, datu hauek adierazita: izena, abizenak, helbide elektronikoa eta enpresa.
Bilbao PortLab-i buruz
Bilboko Portuko Agintaritzak bultzatuta eta Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioan integratuta, Bilbao PortLab berrikuntza- eta ikerketa-hub bat da, eta Bilboko Portuan berrikuntza-ekosistema bat sortzea du helburu. Horretarako, portu-enpresekin lan egiten du barruan sor daitezkeen proiektu berritzaileetan, edo kanpoko proiektu berritzaileak erakartzen ditu. Horrez gain, era berean, parte hartzera eta aurkezten ari diren edo etorkizunean aurkez daitezkeen berrikuntza-planetarako finantziazio-aukerak aprobetxatzera gonbidatzen ditu..
Bere datu-basean 200 enpresa berritzaile inguru daude, eta Estatuko Portuen elkarteak bultzatutako 4.0 Portuen Funtsaren laguntza publikoen lehen deialdian onartutako 33 enpresa-ideietatik 6 lagundu edo bideratu ditu.
Aholku-batzorde bat du, honako hauek osatua: Bilboko Portuko Agintaritza, Estatuko Portuen Erakundeko ordezkariak, SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia, BEAZ, Seed Capital Bizkaia, UniportBilbao, Euskal Herriko Itsas Foroa, Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Tecnalia, Innobasque, Orkestra eta hiru unibertsitate: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.
Ports 4.0-ri buruz
Ports 4.0 berrikuntza ireki korporatiboaren eredua da, talentua eta ekintzailetza Espainiako portu-sektore publiko eta pribatuko sektore logistikora erakarri, lagundu eta errazteko, 4. industria-iraultzaren testuinguruan. Helburua portuko komunitate logistikoaren eta portu-komunitatearen zerbitzuan ekipo, produktu, zerbitzu eta prozesu berritzaileak jartzea da, Portuko Agintaritzetan eta portuko enpresen eta enpresa logistikoen komunitatean prototipoen garapena, pilotuak eta berrikuntza-estrategien aplikazio praktikoa bultzatuz.