Prakek eta jaka luzeak osatutako trajeak tonu okreko PBI ehunez eginda daude, eta, besteak beste, NASAko astronautek eta New Yorkeko suhiltzaileek erabiltzen dituzte. Portu Agintaritzak 416.000 euroko inbertsioa egin du traje horiek erosteko.
Hornidura hori Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Portu Agintaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenaren fruitua da. Lankidetza-hitzarmen hori 1996tik dago indarrean, eta horren xedea da Bilboko Portuan gerta daitezkeen suteak eta bestelako ezbeharrak prebenitzea, horiei buruzko aholkularitza ematea eta esku hartzea. Foru-erakundeak zerbitzu hori ematearen truke, Portu Agintaritzak baliabide materialak ematen dizkio Suhiltzaile Zerbitzuari, eta zerbitzu horren prestakuntza espezifikoa sustatzen du.
Urte hauetan, Portu Agintaritzak beste ekipamendu batzuen hornikuntza ere egin du, hala nola:
- Larrialdi kimikoetarako edukiontzi egokitua.
- Garabidun kamioia. Kamioi horrek honako hauek garraiatzen ditu: deflagrazio kontrako eskorga, urpeko bi ponpa eta ekipo elektrogeno bat.
- Hiri-ponpa arina, larrialdi kimikoetan lehenengo esku-hartzea egiteko ekipamenduarekin.
- 2 kilometroko luzeradun ur-linea mugikorreko edukiontzi bat.
- Merkantzia arriskutsuen ihesak edukiontzian batzeko Rolltrailerra.
Portu Agintaritza aitzindaria da horrelako itunak sinatzen, eta 1996. urtetik eta 2016. urtean hitzarmen honen indarraldia bukatu arte 3.100.000 euro inbertituko ditu Suhiltzaile Zerbitzuan.
Aldundiak, bestalde, suhiltzaileen taldeko langileak biltzen ditu Bilboko Portuko esku hartzeko talde gisa, bertako autobabeserako planean jaso den moduan. Horrez gain, Portu Agintaritzak bereziki arriskutsutzat jotako salgaiak kargatzean eta deskargatzean Suhiltzaile Zerbitzuko hiru profesionalek osatutako suhiltzaileen laguntza talde bat bertan izaten da, prebentzio modura. Zenbakietan adieraziz, horrek esan nahi du suhiltzaileek 800 orduko presentzia fisikoa izan dutela urtean prebentzio lanetan, eta gaur egungo hitzarmena indarrean dagoenetik, berriz, Suhiltzaile Zerbitzuak guztira 605 irteera egin ditu Bilboko Portuan; horri dagokionez, prebentzio taldeak nabarmendu behar dira, 589 irteera egin baitituzte (% 97).
Bidenabar, suhiltzaileek prestakuntza ematen diete Portu Agintaritzako langile guztiei suteen kontrako borrokari dagokionez, eta atoi zerbitzuko langileei, berriz, Bilboko Portuan larrialdiei erantzuteko egiturako kide diren aldetik.